Zaharrago sentitzen gara behinolako gure musikaren egileak desagertzen hasten direnean. Zaharrago eta tristeago. Eta areago, hainbat kasutan, musikagile horiek gure bizitzaren zati handi bateko soinu banda osatu dutenean. Gazte garaiak beti izaten dira iraultzarako garaiak, aldarrikapenen teorizaziorako sasoiak; giro haiek soinuekin janzteko beharrak sentitzen dira, eta kantari askok asmatu egin zuten beren protesta kantuekin. Kontua da, zaharrago, tristeago eta umezurtzago sentitu garela, duela aste beteko albisteak bihotza urratu ostean: Pablo Milanes kantautore kubatarra hil da. Horixe zioen albisteak. Argazkian Milanes burusoil zahartu bat agertzen zen. Minbiziak jota hil omen da.

Albistea irakurri orduko, eta argazki horri asko erreparatu gabe, burmuineko estratetan daukagun beste batera jo genuen. Hartan, The Jackson Brothers edota The Jackson Five talde ezagun hartako partaideen ilea zen deigarriena. Ilezko globo borobil beltza zuten guztiek kaskezurraren gainean. Horrelako bat ere erakusten zuen Kubako kantagintzan aitzindaria izan zen Pablo Milanes hark. Berak, Silvio Rodriguezekin eta Noel Nicolarekin batera, Kubako troba berria sortu zuen, garai hartako giro inperialistaren kontra jarrera politikoa hartuz, eta maitasunari eta askatasunari kantatuz.

Behin Txileko hiriburuan, Santiagon, izan nintzen, eta Palacio dela Moneda leku enblematikoaren aurretik pasatu nintzenean (garai hartan inguruko eraikinetan disparoen zulo batzuk antzeman zitezkeen oraindik), nire barruko doinu batek biloa laztu zidan: Yo pisare las calles nuevamente de lo que fue Santiago ensangrentada. Y en una hermosa plaza liberada me detendré a llorar por los ausentes. (…) Retornarán los libros las canciones que quemaron las manos asesinas, renacerá mi pueblo de su ruina y pagarán su culpa los traidores,…

Bere ahotsak, Silvioren kantuetako poesiarekin batera, zaharragoak garenon baina gazteagoak izan ginenon imajinazioan askatasunaren doinuak zabaldu zituen, ahantz ezin daitezkeenak, inoiz ahaztuko ez ditugunak.