PENTSATU egin behar dugu" esan zien batek besteei, eta burua nahi gabe beraienganatu zitzaidan, hausnarketa eguna baitzen, larunbata.

Urgull azpian ginen, badiara begira, estropadak ikusten. Gazte talde bat gure ezkerrera eta beste gazte talde bat eskuinaldean. Gazteagoek, eskuin aldean genituenek, musika topera jarrita. Estropada jarraitzaileak ziren, beren taldea aupatzera etorriak, herriko koloreak kamisetan ageri zituztela. Halako batean, musika isildu egin zen eta baita gazteen hizketaldia ere. Udaltzainei azalpenak eman nahian ikusi genituen. Hauek, datuak eskatu zizkieten. Adin txikikoak ziren eta plastikozko poltsak alkoholez mukuru zituzten, festa bukaerarako prest. Ez zuten zarata handirik atera: ez gazteek, ez udaltzainek. Bidea zuzendu zuten. Alkoholaz desegiteko eskatu zieten udaltzainek eta, gazteek, baietz.

Udaltzainak joan zirenean hasi zen, ordea, hausnarraldia. Zer esan etxean. Zer egin alkoholarekin. "Pentsatu egin behar dugu" esan zien buru egiten zuenak besteei. Eta ideiarik ez zitzaien falta: udaltzainen amonestazio gutuna etxera helduko zenez, etxeko posta-kutxa egunero lehen orduan irekitzeko ardura hartu beharko luketela otu zitzaien; etxean defendatuko zuten ez zeudela edaten, alkohola lagunentzako erosi zutela; beraiekin ez zegoen baten izena emango zuten alkohola nork erosi zuen galdetzen zietenean€ Eta alkohola bota egin behar zuten ala ez? Non bota? Ardo erronda bat atera zioten elkarri, pentsatzeko. Eta bigarren bat ere atera zuten, botilak zeuden bezala itxita, plastikoetatik atera gabe, orotarikoen kontenedore batean utzi behar zituztela erabaki bitartean.

Eguraldi ona egin zuen hausnarketa egunean. Asko gehiegi pentsatu gabe pasatzeko modukoa.

Gazte haiek gaur, honezkero, ireki dute etxeko posta-kutxa. Hilabetez egunero egingo dute ariketa, harik eta salatzen dituen papera eskuratuko duten arte. Eta, bitartean, hurrengo lau urteak gidatuko dituen gobernua eratuko da, ustez, hausnar egun hartan ondutako ideiekin.