'Taupada/Latido' doako instalazio interaktibo eta parte-hartzailea Bilbora heldu da. Azaroaren 28ra arte ikusgai egongo da Bizkaia plazan, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean.
Erakusketa honek herritarrak esperimentatzera gonbidatzen ditu, larrialdi batean jarduten jakiteko beharraren inguruan kontzientziatzeko eta esku hartzeko beldurra galtzen laguntzeko.
Sormen-ekintza hau Bilbao Bizkaia Design Week 2025 asteko programazioaren aurrerapena da. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak urtero antolatzen dute Diseinuaren Astea, eta azaroaren 20an abiatuko da Zabalgune eraikinean.
‘Taupada/Latido’ Bilbao Bizkaia Design Week 2025 asteko leloaren metafora gisa egindako jarduera bat da, “Larrialditik biziberritzera”, eta diseinua planteatzen du bizitza errazten eta eusten duen indar modura. Krisi ekosozialeko testuinguru batean, proposamen artistiko horrek herritarrei gogorarazten die larrialdia izan daitekeela konpromiso kolektibo eraldatzaile baterako abiapuntua. Horregatik, instalazio honen bidez bisitariak jarduera batean parte hartzera gonbidatzen dituzte, haien pultsua eraldatuko duena, konexio- eta bizitza-keinu bihurtzeko eta, modu horretan, besteak zaintzeko eta suspertzeko botere kolektiboa sentitu dezaten.
Gaur goizean publikoari ateak ireki dizkion 6 metro luze eta 2,5 metro zabaleko kontainer batean kokatua, ‘Taupada/Latido’ instalazioak parte-hartzearen, teknologiaren eta emozioaren bidez erakusten die ikusleei bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) bizitzak salbatzeko gai den premiazko “koreografia” bat dela.
Instalazioa eta sormen-proposamena Gheada diziplina anitzeko arte-estudioak diseinatu eta ekoitzi du. Raquel Duránek eta Rut Brionesek sortutako estudioa murgiltze-esperientzietan, esperientzia interaktiboetan eta performatiboetan espezializatuta dago, eta instalazio honen bidez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak planteatutako erronka bati erantzuten dio.
Aurtengo Bilbao Bizkaia Design Week astearen zeharkako ardatza paradigma-aldaketa izango da: azaroaren 20tik aurrera eta astebetez, jarduera ugarik aukera emango dute ideia honen inguruan hausnartu, partekatu eta lan egiteko: larrialdia dugu ekintza eta aldaketa birsortzailea bultzatuko dituen konpromiso kolektiboa lortzeko abiapuntua. ‘Taupada/Latido’ ideia horren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko lehen pausoa da.