Galdakaok eta Usansolok 1998tik Valencia de las Torres udalerriarekin lotzen dituen senidetzea estutu dute, euren lotura kultural eta sozialak sendotuz. Hala, Galdakaoko Udaleko ordezkaritza batek, Valencia de las Torreseko Udalak gonbidatuta, Extremadurako herrira bisita ofiziala egin du.
Bisita honek duela urtebete inguru Galdakaon bi herrien arteko senidetzearen 25. urteurrenean egindako harrera instituzionalari erantzuten dio. Aukera hark duela 70 urte baino gehiago jaio zen harreman kultural eta sozial estua gogoratu eta balioetsi zuen; izan ere, 1950ko hamarkadan mila pertsona inguruk Valentzia de las Torresetik Galdakao eta Usansolora migratu zuten.
Galdakaoko Udala ordezkatuz, Toño Gonzalez eta Iñaki Urgoiti izan dira gobernuaren izenean, lehenengoa alkate lanetan, baita oposizioko kideak ere. Usansoloren aldetik, Agustin Aizpuru alkatea izan da. Bestetik, Pedro Escuder Valencia de las Torreseko alkateak eta Dolores Benitez, Cándido Arevalo, Julian Gomez eta David Rubio zinegotziek harrera eman diete. Era berean, Domingo Gonzalez ere bertan izan da, senidetzea sinatzeko unean alkate izandakoa.
Extremadurako ordezkaritzak senidetzearen eta bi herriak lotzen dituzten loturen nondik norakoak azaldu ditu. Bestalde, Toño Gonzalezek Extremaduratik Euskal Herrira emigratu zuten familien historia ekarri du gogora: "gure gurasoak eta aitona-amonak hemen jaio eta hazi ziren, baina bizitzaren gorabeherak direla eta beste leku batzuetara emigratu behar izan zuten; ez zen batere bizitza erraza izan, baina ahalegin eta lan handiz aurrera atera zuten".
Gaur egun, pertsona horien seme-alabek eta bilobek, Gonzalez den bezala, "sustraiak beste lurralde batean bota dituzte, bi lurralde ezberdinetako sustraiak helburu berarekin elkartuz: bi herrien kultura partekatu eta errespetatzea, bakoitzaren jatorria ahaztu barik". Ildo horretan, Mikel Laboa aipatu du, sustraiak lur batean dituenak toki hori ez duela inoiz erabat uzten gogorarazteko: "nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak”. “Harro diogu orain biloba horiek euskaraz hitz egiten dutela, beraien aitite eta amamek egin zuten bideari esker", gaineratu du Gonzalezek.
Iñaki Urgoitik azpimarratu duenez, "senidetzea interes komun kultural, ekonomiko edo sozialen elkartrukean datza, eta, adierazi duenez, "kasu honetan, ehuneko handi batean bete da hori". Hori dela eta, belaunaldi berriei bide hori jarraitzeko deia egin die: "sustraiak ahaztuz gero, amek, amamek eta aititeek egindako ahalegin guztiak ez du ezertarako balio izango". Ildo horretan, "bide horri jarraituz, etorkizunean herri eta gizarte gisa hazteko nahiari bizirik eutsi behar zaio. Izan zirenengatik, direnengatik eta etorriko direnengatik", adierazi du. Halaber, iraganetik ikastearen eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako bizikidetza indartzearen garrantzia azpimarratu du. Horren harira, "orain datozenei beste begi batzuekin begiratzea, aberasteko aukera gisa", defendatu du.
Opari trukea
Ekitaldian zehar, Extremadurako folklore talde batek tokiko dantza tradizionaleko emanaldi alaia eskaini du bertaratu diren guztien gozamenerako, eskualde horretako aberastasun kulturala nabarmenduz. Halaber, ordezkaritzen arteko opari trukea ere izan da, senidetzearen eta elkar aitortzearen sinbolo gisa: Galdakaokoak ‘Bi lur, lore bat’ lelodun txapela eman du eta Extremadurakoak eguna oroitzen duen plaka bat.
Bisita honekin, Galdakaok, Usansolok eta Valencia de las Torresek euren harreman historiko, kultural eta soziala mantentzeko eta sendotzeko konpromisoa berretsi dute, iragan komuna ospatuz eta lankidetzaz betetako etorkizunari begira.