Liburu berri baten usaina bezala, urriak berri usaina du Durangoko Udal Euskaltegian. Izan ere, Murueta Torreko instalazio berrituetan ekin dio ikasturte berriari eta momentuz, 245 pertsonek eman dute izena, hau da, aurreko urtean baino 70 ikasle gehiagok. “Oso pozgarria da ikustea Durangon gero eta interes handiagoa dagoela euskara ikasteko, ikasturte honetarako matrikulazioen gorakadak erakusten duen bezala. Durangoko Udaletik eta Euskaltegiko lantaldetik lanean jarraituko dugu hizkuntza ikastea pertsona guztientzat eskuragarria eta kalitatezkoa izan dadin. Eskerrik asko hazten jarraitzen duen proiektu honetan konfiantza duten pertsona guztiei”, nabarmendu zuen Paule Sanchez Euskara zinegotziak pasa den asteartean eginiko prentsaurrekoan.
Agerraldian Garbiñe Andrinua Udal Euskaltegiko zuzendaria ere egon zen eta berak aipatu zituen aurtengo matrikulazio datuen nondik norakoak. “24-25 ikasturterako A1 eta A2 mailan bi talde izango ditugu bakoitzean bat goizez eta bestea arratsaldez, B1 mailan hiru talde sortu dira, B2-an lau talde eta C1 mailan bost. Gainera, bi talde egongo dira ahozko praktikak egiteko eta erretiratuen hiru talde. Bestalde, San Fausto jaiak eta gero AISA taldeak hasiko dira eta aurreikuspena da bi talde sortzea”, azaldu zuen.
Horretaz gain, Udal Euskaltegiak autoikaskuntza modalitatean izena emandako beste bederatzi ikasle ditu. “Euskaltegiak Murueta Torren duen jarduerak Durangoko Udalak euskara sustatzeko duen konpromisoa indartzen du, ikasteko kalitatezko espazio bat eskainiz eta gero eta pertsona gehiagok irakaskuntza zerbitzu garrantzitsu hau erabili ahal izatea erraztuz. Euskaltegiko taldeak gogo biziz hartu du etapa berri hau, eta lanean jarraitzen du, herritar guztientzat aberasgarria eta irisgarria izango den ikaskuntza-irakaskuntza esperientzia bermatzeko”, gaineratu zuen Euskara zinegotziak.
Murueta Torre, 1660an datatutako eraikin historikoa eta duela gutxi birmoldatua, arreta handiz egokitu da, espazio irisgarri eta modernoa izan dadin. Proiektu honek 651.800 euroko inbertsioa ekarri du, eta horietatik 211.748,40 euro Europar Batasuneko Next Generation Funtsetatik datoz, instalazioak jarduera ugaritarako egokiak direla ziurtatzeko eta Durangoko ondare arkitektonikoari balioa emateko. Modernoa eta irisgarria den gune berri honek, euskara irakasteko ingurune egokia eskaintzen du, eta oso pozik hartu dute ikasleek eta irakasleek. “Murueta Torreko instalazio berrituen irekierak aro berri bat markatzen du Durangoko Euskaltegiarentzat. Eraikin historiko honek, modernoa eta irisgarria izateko kontu handiz egokitua, euskara eta euskal kultura sustatzeko dugun konpromiso irmoa islatzen du. Pozik gaude ikasleen eta irakasleen artean izan duen harrera positiboarekin”, gehitu zuen Sanchezek.
Gauzak horrela, Euskaltegiko taldeak apurka-apurka egokitzen ari da eraikin berrira, eta trantsizioak doikuntza batzuk dakartzan arren, eguneroko lana eta instalazio berriak modu eraginkorrean uztartzen ari dira.