Ikasturte berriari helduta eta euskara sustatzen eta biziberritzen jarraitzeko bidean, Amorebieta Etxanok hainbat aukera ditu. Izan ere, zabalik dago jada Zornotza Udal Euskaltegian izena emateko epea eta horrekin batera, Amorebieta-Etxanoko Udalak ere, urtero egiten duen moduan, euskara hobetu eta praktikatzeko ikastaroak eskainiko ditu. “Gure hizkuntzan murgildu nahi duen orok aukera anitz izango ditu herrian bertan”, adierazi dute udaleko arduradunek.

Eskaintzari dagokionez, behar guztietara egokitutako ikastaroak izango dira beste behin Zornotza Udal Euskaltegian eta irailarekin batera, Euskaltegiak zabaldu du 2024-2025 ikasturtean izena emateko epea, beraz, zornotzarrek zein inguruko herrietako biztanleek egin dezakete matrikula udal-euskaltegian. Euskaraz hartu hitza! lelopean, eskaintza zabala prestatu du euskaltegiak ikasturte honetarako ere: maila guztietan izango dira eskolak, A0 mailatik C1 mailara, hainbat eredutan (taldeko irakaskuntza, autoikaskuntza, udako ikastaro trinkoa, iraileko ikastaroak…). Horrez gain, ikastaro bereziak ere izango dira.

Ildo beretik, euskara ikasi edo praktikatu nahi dutenei, Amorebieta-Etxanoko Udalak euskara hobetu eta praktikatzeko ikastaroak eskainiko ditu, osagarri modura. Zentzu horretan, berba taldeak antolatu dira, euskaraz hitz egin eta lagun euskaldunak egiteko aukera eskainiz. Horrekin batera, hitano ikastaroek ere jarraipena izango dute aurten. Kasu honetan, Bizkaiko hitanora hurbiltzeko 8 saioko ikastaroa eskainiko da, bizkaiera dakiten pertsonei zuzenduta.

Bestalde, iaz martxan jarritako Kantakatilu egitasmoak ere jarraipena izango du aurten. Amaitzeko, euskaldun berriei eta alfabetatu gabeko euskaldunei zuzendutako bizkaiera ikastaroa ere eskainiko du Udalak. –

Ikastaroak

Euskaltegia. Amorebieta-Etxanoko Udalak euskara ikasteko eskaintza ezagutzera eman du. Dagoeneko zabalik dago, irailaren 20a bitarte, Zornotza udal euskaltegian izena emateko epea eta ohiko moduan, maila guztietarako ikastaro arruntak eta bereziak izango dira.

Udal ikastaroak. Berba taldeak antolatu dira. Horrekin batera, hitano ikastaroek ere jarraipena izango dute aurten. Bestalde, iaz martxan jarritako Kantakatilu egitasmoak ere jarraipena izango du. Gainera, euskaldun berriei eta alfabetatu gabeko euskaldunei zuzendutako bizkaiera ikastaroa ere eskainiko du Udalak. Izen emateak dagoeneko ireki dira.