Garaitarrentzat San Anton eguna betidanik izan da berezia, baina aurten are bereziagoa izango da. Izan ere, gaurko egunean, Elizabarriko elizan meza eman ondoren eta ohiko enkantea egin baino minutu batzuk lehenago, Udalak zaharberritzea erabaki duen harmoniuma berriro entzungo da. “Behin baino gehiagotan, gure kezka izaten da gure herri ondare historikoa berreskuratzeko ahaleginak egitea. Musika tresna honek hamarkadak eman ditu Elizabarriko koruan eta oso egoera txarrean zegoen. Orain berriro etorri da bere etxera; herriari bueltatu diogu herriaren zen altxor bat”, adierazi du pozik Erramun Osa herriko alkateak.

Harmoniuma Garaiko Elizabarri elizan dago. O. Buruaga

Hain zuzen ere, Garaiko Udaleko bi alderdiek aho batez onartu zuten proiektu hau aurrera eramatea eta eraberritze lanak Alejandro Turanzasen organeroen tailerrak egin ditu. Zehazki, harmoniuma, harmonio edo, batzuetan, armonio bezala ezagutzen den musika tresna haize instrumentu bat da, teklatuaz jotzen dena eta itxuraz organo txiki bat bezalakoa da. Garaiko kasuan, Parisko Christophe & Etienne etxeko harmonioa da eta kalitatezko instrumentua dela esaten dute adituek. “XIX. mendeko 80ko hamarkadakoa da, hau da, 1885ean egindakoa dela esan genezake. Beraz, ia 140 urte ditu instrumentuak, eta, logikoa denez, zaharberritze falta handia zuen, baina ordezkatu behar izan den piezaren bat kenduta, esan dezakegu harmonioa jatorrizko egoeran dagoela”, laburbildu du Alejandro Turanzas organogileak.

125 orduko lanaren ondoren, harmoniuma prest dago berriro bere tekla afinatuak jotzeko, eta kasu honetan Iñigo Alberdi Bilboko Koral Elkarteko gerenteak jaso du lehen aldiz jotzeko gonbidapena. “Iaz Valentin Zubiaurre Garaiko konpositorearen obra berreskuratu genuen eta eliza honetan bira amaierako kontzertua eman genuen. Orduan harmonium hau ikusi genuen eta niretzat oso albiste ona da horrelako instrumentu bat hain ondo zaharberrituta ikustea. Herri honen soinu memoriarako oso garrantzitsua dela uste dut”, azaldu du Alberdik eta haratago doa. “Datei dagokienez, 1885ekoa bada, baliteke Zubiaurre musikari ospetsuaren oparia izatea, eta hori baieztatzerik ez badugu, bere momentuan berak jo zuela ziurta dezakegu, ondoan bizi zen”.

Enkantea

1885ko harmoniuma. O. Buruaga

Tradizioa jarraituz, gaur, hilak 17, eta San Antonen omenez, Garaiko herritarrek ekarritako baserrietako sasoiko produktuekin ohiko enkantea izango da. Gauzak horrela, ospakizunak 12.00etan hasiko dira Elizabarri elizan egingo den mezarekin, produktuak bedeinkatuko dira eta harmoniuma entzuteko aukera izango dute gerturatzen direnek. Gero eta ohikoa den moduan, Lazaro Milikuaren eskutik enkantea hasiko da. “Egunean lortzen dugun diruaren zati bat Cáritaseri emago diogu eta beste zati bat parrokian egin beharreko konponketak ordaintzeko erabiliko dugu. Eta etortzen diren guztiek ere aukera izango dute hainbeste urteren ostean berriz ere harmoniuma entzuteko”, animatu du Lazaro Milikuak.