Datorren larunbatean, martxoaren 21ean, BECeko instalazioek Bilboko Udalak martxan jarritako enplegu publikoko lanpostuak lortzeko bi hautaketa-prozesu berri jasoko ditu.
Oraingo honetan, plaza asko deitu direnez eta probak egiteko izangai asko onartu direnez, Udalak dispositibo berezi bat antolatu du goizez eta arratsaldez, oposiziogile guztiak banatzeko espazio zabalekin. Gainera, antolaketa asko landu da, ariketak egun bakarrean egin ahal izatea bermatzeko, eta berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipio legalen arabera egingo direla bermatzeko.
Goizez, atezainen kategorian 28 plaza betetzeko deialdiari dagozkion ariketak egingo dira (2.679 pertsona onartu dira kategoria horretan). Arratsaldez, Administrazio Orokorreko teknikarien 31 plazari dagozkienak egingo dira (894 izangai).
Udalak aurrera jarraitzen du aurreikusitako gainerako hautaketa-prozesuekin. Prozesu horien egutegia 2026ko lehen seihilekoan zehar zabalduko da pixkanaka, eta asmoa da prozesuok urtea amaitu baino lehen amaituta izatea.
307 plaza
46 prozesu dira, eta guztira 307 plaza biltzen dituzte. Horiei gehitu behar zaizkie Arkautitik euskal poliziarentzat modu bateratuan egiten diren prozesuetan Udaltzaingoari dagozkionak.
2026ko aurrekontu-proiektuan sartu diren plaza berriei dagokienez, 19 plaza sortzea aurreikusi da, legez baimendutako birjarpen-tasak kontuan hartuta. Plaza hauek eta hutsik geratzen diren beste batzuk betetzeko, enplegu‑publikoaren eskaintza onartuko da, eta ondorengo deialdiak egingo dira.
Bilboko Udalaren helburua da legeak ezarritako tasa horiek erabiltzen jarraitzea eta enplegu publikoko plaza berriak sortzea, plantilla estruktural eta egonkorra bermatzeko, kalitatezko zerbitzu publikoa emate aldera.
Deialdiei eta hautaketa-prozesuen egoerari buruzko informazio guztia webgunean dago eskuragarri. Bertan, edozein pertsonak du aukera prozesu bakoitza zertan den jakiteko.