Síguenos en redes sociales:

Udalak espezie ez-inbaditzaileekin ordeztuko ditu Artxandako begiratokiko akazia faltsuak

Kendutako zuhaitzek egoera fisiologiko eta estruktural eskasa zuten, eta haien ordez lizarrak eta haritzak landatuko dira

Udalak espezie ez-inbaditzaileekin ordeztuko ditu Artxandako begiratokiko akazia faltsuakB. U.

Uriko zuhaitzak hobetzeko eta ordezteko udal-estrategiaren barruan, Bilboko Udalak Artxandako begiratokiko 49 zuhaitz ordeztuko ditu. Robinia pseudoacacia (akazia faltsua) espezieko aleak dira, espezie aloktono eta inbaditzailea. Haien egoera estruktural eta fisiologikoak narriadurak ditu, eta horrek erortzeko arriskua areagotzen du, batez ere eguraldi txarra dagoenean.

Ekimena ingurumen-arrazoiengatik zein herritarren segurtasuneko irizpideengatik gauzatuko da, arbola horiek jende asko dabilen ingurunean baitaude.

Robinia pseudoacacia Eusko Jaurlaritzaren Flora Exotiko Inbaditzailea Kontrolatzeko Estrategia Autonomikoan katalogatuta dago, kolonizatzeko gaitasun handia duelako eta tokiko biodibertsitatean eragina duelako. Hiri-ekosistemetan dagoenez, inbasio biologikoak mesedetzen ditu, eta horrek funtzionaltasun ekologikoa asaldatzen du eta ingurunearen oreka naturalari eragiten dio.

Baina, gainera, Parke eta Lorategien Udal Zerbitzuak egindako analisiek agerian utzi dute zuhaitz horien egoera fisiologiko eta estruktural eskasa. Hala, honako kalte hauek detektatu dira: hutsuneak enborretan, barne-usteldura, egiturazko pitzadurak, onddoen presentzia eta zahartzearekin eta eguraldi txarrarekin lotutako ahultzeak.

Hain zuzen ere, azken urteotan akazia horietako batzuetan iraulketa eta askatze partzialak gertatu dira –kalte pertsonal edo materialik eragin gabe–. Horrek erakusten du prebentzioz jardun behar dela, inguruan jende asko biltzen baita.

Kendutako zuhaitzen ordez, Artxandako ingurunera hobeto egokitzen diren eta balio ekologiko handiagoa duten espezieak jarriko dira, hala nola lizarra eta haritza.    

Espezie horiek egonkortasun estruktural handiagoa eskaintzen dute, hobeto eusten diote eguraldi txarrari, eta bateragarriagoak dira kokaleku honetako ingurune naturalaren biodibertsitatearekin. Ordezte-lanak aste honen eta hurrengoaren artean egingo dira.