Bilboko Udal Musika Bandak eta Bilboko Udal Txistulari Bandak doako zazpi kontzertu eskainiko dituzte maiatzetik ekainera bitartean. Kontzertu horiek Areatzako Kioskoan egingo dira, 19:00etan guztiak.
Programazioa atzo abiarazi zen, maiatzak 8, ostirala, Bilboko Udal Txistulari Bandaren erromeriarekin, Álvaro García gitarran eta Patxi Laborda dantza maisuarekin batera. Musika herritar guztiei hurbiltzeko eta udaberriko arratsaldeez aire zabalean gozatzeko pentsatutako denboraldiari hasiera paregabea emango dion emanaldia izango da.
Txistulari boskoteak euskal erromerien ohiko giroan inspiratutako emanaldi hurbil eta alaia eskainiko du, publiko guztientzat prestatutako errepertorio herrikoi batekin. Bertaratzen direnek euskal musika kulturaren doinu esanguratsuenetako batzuk entzuteko aukera izango dute.
Denboraldia
Udaberriko Denboraldiak maiatzaren 15ean jarraituko du “Arratsalde bat gaiteroekin” kontzertuarekin. Iñaki Urkizuk zuzendutako Bilboko Udal Musika Bandaren emanaldian Iruñako Gaiteroek parte hartuko dute gonbidatu berezi gisa. Programak pasodobleak, jotak eta obra tradizionalak uztartuko ditu, sustrai herrikoiko musika aldarrikatzen duen proposamen batean.
Maiatzaren 22an, Nicolás Serrano zuzendari gonbidatua Bilboko Udal Musika Bandaren buru izango da “Ostadarra” kontzertuan. Askotariko eta kolorez beteriko programa izango da, eta bertan entzungo dira, besteak beste, Zorba greziarra, Shostakóvichen 2. baltsa edo Josu Ortizen Luz de julio pasodoblearen estreinaldia.
Maiatzeko programazioa ostiralean, hilak 29an amaituko da “Frantziako soinuak” kontzertuarekin. Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean, publikoak Frantziako soinu-paisaia desberdinetan barrena bidaiatuko du Saint-Saëns, Gabriel Pierné edo Roger Boutry bezalako konpositoreen musikaren bidez.
Ekaina
Ekainari dagokionez, zikloak ekainaren 5ean jarraituko du “Martxak, pasodobleak eta gehiago” kontzertuarekin. Tchaikovsky, Johann Strauss edo William C. Handy bezalako egileen martxa eta pieza herrikoietan oinarritutako ibilbide musikala izango da.
Denboraldiak ekainaren 12an izango du jarraipena “Dantza aireak” kontzertuarekin. Txaber Fernández zuzendari gonbidatuak gidatuko duen emanaldiak kultura eta tradizio ezberdinetako musika eta dantzak izango ditu ardatz, doinu zeltetatik hasi eta erritmo latinoamerikar eta tradizio ijitoko dantzetaraino.
Zikloa ekainaren 23an amaituko da “Gure folklorea” kontzertuarekin. Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean, Bilboko Udal Txistulari Bandaren eta Olaeta Ballet Elkartearen laguntza izango du emanaldiak. Programak euskal folklorea izango du ardatz, San Juan Zortzikoa, Dantzari Dantza edo Gaztelugatxeko martxa bezalako pieza tradizional eta herrikoien bidez.
Programazio honen bidez, Bilboko Udal Bandek berretsi egiten dute musika espazio ireki eta irisgarrietan zabaltzeko duten konpromisoa, tradizioa, dibulgazioa eta kalitate artistikoa uztartzen dituzten proposamen anitzak herritarrengana hurbilduz, giro atsegin eta festibo batean.