Larunbat honetan, azaroaren 15ean, BECen instalazioak Bilboko Udalaren bi hautaketa-prozesu berri jasoko ditu, enplegu publikoko lanpostuak lortzeko. Goizez, administrarien kategorian 76 plaza betetzeko deialdiari dagozkion ariketak egingo dira (6.222 pertsona onartu dira kategoria horretan). Arratsaldez, ofizioetako ofizialen 40 plazari dagozkienak egingo dira (1.652 izangai).

Oraingo honetan, plaza asko deitu direnez eta probak egiteko izangai asko onartu direnez, Udalak dispositibo berezi bat antolatu du goizez eta arratsaldez, oposiziogile guztiak banatzeko espazio zabalekin. Gainera, antolaketa asko landu da, ariketak egun bakarrean egin ahal izatea bermatzeko, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipio legalak bermatuz.

Hurrengo egunetan, hilaren 17tik aurrera (astelehena), beste deialdi batzuetako probak egiten jarraituko da. Proba horiek modu mailakatuan egingo dira 2026ko lehen seihilekoan zehar. Helburua da urte hori bukatu baino lehen egitea denak.

46 prozesu dira, eta guztira 307 plaza biltzen dituzte.  Horiei gehitu behar zaizkie Arkautitik euskal poliziarentzat modu bateratuan egiten diren prozesuetan Udaltzaingoari dagozkionak. Hala, gaur egun egiten ari den prozesuan 67 plaza daude sartuta, eta hurrengo deialdirako 40 plaza inguru sartuko dira.

2026ko aurrekontu-proiektuan sartu diren plaza berriei dagokienez, 19 plaza sortzea aurreikusi da, legez baimendutako birjarpen-tasak kontuan hartuta.  Bilboko Udalaren helburua da tasa horiek erabiltzen jarraitzea eta enplegu publikoko plaza berriak sortzea, plantilla estruktural eta egonkorra bermatzeko, kalitatezko zerbitzu publikoa emate aldera.

Behin-behinekotasuna murrizteko legearen arabera eta Europako jarraibideei erantzunez egindako ezohiko oposizioak amaitu ondoren, Udala ohiko oposizioak egiten hasi da, behin-behinekotasun indizeak berriro igo ez daitezen eta enplegu publiko egonkorra bermatzeko. Joan den irailetik aurrera egiten hasi dira prozesu horiek guztiak, baina aurtengo esanguratsuenak larunbat honetan BECen egingo direnak izango dira, deitutako plaza kopuruagatik eta onartutako izangai kopuru handiagatik.

Deialdiei eta hautaketa-prozesuen egoerari buruzko informazio guztia webgunean dago eskuragarri. Bertan, edozein pertsonak du aukera prozesu bakoitza zertan den jakiteko.