Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saila "Arangoitiko mendi-hegaletako biodibertsitatea hobetzea" proiektua garatzen ari da, Arangoiti auzoko eskaera bati erantzuteko (Deustuko familien elkarte, Arangoitiko Bihotzaren, Zubiartean, Deustuko El Canal, Ekologistak Martxan, Lurgaia Fundazioa eta Bertoko Basoa elkarteetako zuzendaritza-batzordeak). Izan ere, Deustuko Kaputxinoen aldapa-Arangoitiko mendi-hegalen garrantzia azpimarratzeko interesa agertu zuten, inguruko landare-biodibertsitatea babesteko eta bultzatzeko.
Ekimen horren barruan, Arangoitiko Eskola Publikoko ikasle eta irakasleek 30 arte autoktono landatu zituzten 2024an. Arte horiek, aurretik, lurrez betetako ontzi eta botiletan erein zituzten, eta eskolan zaindu, hazkunde optimoa izan arte. 2025ean eskolan erein ziren eta aste honetan zuhaitz autoktonoen bigarren landaketa bat egin da; zuhaitz horiek datozen hilabeteetan garatuko dira.
Helburua da ikasleak eta haien familiak kontzientziatzea, eta, hedaduraz, herritar guztiak kontzientziatzea tenperaturak erregulatzen dituzten berdeguneek daukaten garrantziaz; izan ere, hiriguneak dira klima-aldaketaren ondorioak gehien nabarituko dituztenak eta, beraz, funtsezkoak dira gizarte-ongizaterako.
Proiektu horren bidez, “hiri-parke botaniko bat garatu nahi dugu, gune hori aisialdirako eremu bioosasungarri, hezitzaile eta ingurumen-sentsibilizazioko eremu modura birbaloratuz, biodibertsitatearen kontserbazioarekin bateragarria dena”, azaldu du Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak.
“Arangoitiko mendi-hegaletako biodibertsitatea hobetzea aire zabaleko ingurumen-interpretaziorako gela gisa erabil ahal izatea nahi dugu, ingurumen-hezkuntzako jarduerak egiteko”, jarraitu du Abetek.
Udalaren ustez, funtsezkoa da gune hori modu ekologikoan birsortzea, kontserbatzea, babestea eta balio ekologikoak zabaltzea, inguruko habitat eta biodibertsitatearen garrantzia azpimarratuz.
“Ahalik eta teknologia gutxien erabiltzea bilatzen da”, zehaztu du zinegotziak; horregatik, ekosistemen birsortze naturala bultzatzeko moduan planteatu da proiektua, hau da, egiten diren jarduerek Arangoitiko mendi-hegalen eremua auto-birsortzea errazteko balio behar dute, ahal den neurrian material biodegradagarriak eta jarduera sinple eta eraginkorrenak erabiliz.
Egiten ari diren jardueretako batzuk dira espezie inbaditzaileak kentzea, espezie autoktonoak landatzea, fauna autoktonoa sustatzea, mozketak kontrolatzea eta biodibertsitatea kontserbatzeko eta bultzatzeko lorezaintza-lanak egitea. Proiektua aurreratuago dagoenean, intsektuentzako hotelak sortuko dira, eta proiektu honen balio ekologikoei eta berau sustatzeak dakartzan onurei buruzko ingurumen-interpretaziorako panelak instalatuko dira.
Horrelako berdeguneak eta naturaguneak kudeatzeko moduari buruzko "proba pilotua" da, hiriko beste berdegune batzuetan errepika daitekeena, eta Bilboko biodibertsitatean inpaktu global positibo handia daukana.
Arangoitiko mendi-hegaletako biodibertsitatea hobetzeak ekarriko dituen onurek eragin handia izango dute Bilboko biodibertsitate ekologikoaren kontserbazioan, frogatuta baitago gisa horretako guneek giza sistema immunologikoan eta gogo-aldartean dauzkaten eragin positiboak.