Síguenos en redes sociales:

Euskara ikasteko laguntzak eskatzeko epea ireki du Bilbok

Epea apirilaren 16ra arte egongo da zabalik

Euskara ikasteko laguntzak eskatzeko epea ireki du BilbokB. U.

Aurrera doa Bilboko Udala herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko erronkarekin. Oraingo honetan, 700.000 euroko aurrekontua bideratuko du euskara ikasteko laguntzen deialdira. Laguntza horiek eskatzeko epea asteazken honetan irekiko da, apirilaren 2an, eta hilaren 16ra arte egongo da zabalik. Horretarako oinarriak, hain zuzen ere, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren atzo.

Baldintza hauek betetzen dituztenek eskatu ahalko dute laguntza: erroldatuta egotea, gutxienez azpimaila bat gainditzea, % 60ko asistentzia izatea, eta erakunde publikoekin zorrik ez izatea. Diru-poltsa agortu arte emango dira dirulaguntzak. Horrela, baldintza horiek betetzen dituzten bilbotar guztiek aukera izango dute dirulaguntza bat eskatzeko Bilboko zein Bilbotik kanpoko homologatutako edozein euskaltegitan euskara-ikastaroren bat egin izanagatik. Diru-poltsako 700.000 euroak eskatzaile guztien artean banatuko dira, eskatzaile bakoitzari ahalik eta laguntzarik handiena emanda.

Deialdiari buruzko informazioa udalaren webgunean kontsulta daiteke, eta eskaerak bi modutan aurkez daitezke: udalaren web-orriaren bidez edo erregistroan, herritarren arretarako bulegoetan.

  • Online, udalaren webgunean, agendaren atalean. Bertan, BakQ sistema, ziurtagiri digital aitortua (NAN, Izenpe...) edo Bilboko Udalak webgunerako emandako sarbide-gakoa erabili ahal izango dira.
  • Edo erregistroaren bidez, herritarren arretarako bulegoetan. Kasu horretan, hitzordua eskatu behar da udalaren webgunean edo 944 010 010 / 010 telefonoan.