Eibarko Udalak marxan jarri du Isasi kalean kokatutako Andretxearen egoitza berria barrutik eraberritzeko lanen proiektua. Horretarako, 472.747,50 euroko dirulaguntza jasoko du Gobernu Zentralaren partetik.

Udalak eskatutako laguntza Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak sustatutako programa batean sartzen da Toki Erakundeek Eraikin Publikoak Birgaitzea Bultzatzeko, Next Generation Europako funtsen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan dagoena.

Dirulaguntza honen bidez, Andretxeko adjudikazio-obren aurrekontuaren erdia inguru konpentsatzen da. Obra horiek Urdinberri-Viuda de Sainz UTEri adjudikatu zitzaizkion 917.437 eurotan. Joan den ekainetik egiten ari diren lanak erritmo onean doaz, eta datorren martxorako amaitzea aurreikusten da.

Eraikinaren barrualdea egokitzeko lan hauek, duela urte batzuk kanpoaldea zaharberritzeko egin ziren obrekin batera, emakumeen ahalduntzerako garrantzi handiko erreferentzia-puntu bihurtuko dute gune hori, bertan jarduerak garatu eta ezagutza berriak eskuratu ahal izateko.

Horretarako, Berdintasun Sailaren eta Emakumeen Mahaiaren planteamenduak aintzat hartu dira eraikinak izan beharko dituen zerbitzuak eta espazio-banaketa definitzean, dagoen azalera ahalik eta gehien aprobetxatuz, eta kontuan hartuta higiezina oso estua dela.

Gainera, eraikinaren alboetako bat berreskuratuko da, multzoarekin harmonizatzeko; Astelena pilotalekurako sarbideak ere hobetuko dira, eta gaur egun duen baino sarrera zabalagoa eta modernoagoa egingo da; larrialdietako ebakuazioa ere hobetu egingo da.

Andretxeko eraikin berriko espazioen banaketa hauxe izango da: Isasi kaleko sarrera nagusitik eraikinaren beheko solairura sartuko da. Han harrera-lekua, bulego-gune bat eta erabilera anitzeko espazio bat egongo dira. Lehenengo solairuan Udaleko

Berdintasun Zerbitzuko talde tekniko eta politikoarentzako bulegoak egongo dira, eta baita erabilera anitzeko gela zabal bat eta bilerak egiteko beste bat.

Bigarren solairuan liburutegia, ordenagailu-gela, berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteentzako eta emakume-taldeentzako hainbat bilera-gela eta sukalde handi bat, balioko duena topagune eta prestakuntza-espazio bezala. Gainera, erdisotoan leku txiki bat egongo da eszenatokitzat erabiliko dena, hitzaldiak eta antzeko jarduerak egiteko.

Isasi kaleko eraikinaren zaharberritze-lanen kostua —eraikina oso egoera txarrean zegoen—, 700.000 euro ingurukoa izan zen. Orain, bakarrik geratzen da barrualdeko azpiegiturak egokitzea eta hornitzea. Lan horiek exekuzio-fasean daude.