Gaurko eguna LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Egun hori urtero gomutatzen eta gomutarazten da 1990etik. Izan ere, urte horretako maiatzaren 17an Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasun gisa hartzeari utzi zion. Jesus, Mari eta Jose! Sokrates buruko gaixoa zen? Inor gogoratzen da Altzibiadesi opaldu zizkion bakarrizketekin? Gure Mendebaldeko kulturaren sortzaileak itsasoz eta lurrez jokatzen izan zuen. Bada, XX. gizaldiaren amaierara arte buruko gaixotasun gisa hartzen izan da homosexualitatea.
LGTBI+ eta haren aldaeren berri izan barik, On Migel Unamuno eta Jugok azaldu zuen kontu hau argien. Berak, “El otro” antzerkia idatzi zuenean, argi eta garbi agertu zuen geure ikusmoldekoak ez diren guztiak arerio gisa hartzeko dugun barreneko joera. Nik ispilura begiratzen dudanean (komunekora zein neure burukora), nik eta neure inguruabarrak islatuta agertu behar dutela itxaro dut. Eta horrela jazotzen ez bada, begien aurrera ageri zaidana ez da naturala.
On Migel Unamunorekin jarraituta, berak badio ezen anaien arteko lehenengo egitatea, guk dakigula behintzat, anaien arteko hilketa bat izan zela. Eta hortxe datza “El otro”ren argudioa. Izan ere, behin baino gehiagotan LGTBI+-en aurkakoenak euren buruaren beldur direnak izan ohi dira. Eta zergatik dira euren buruaren beldur? Ez direlako euren sentimenduak agertzeko bezain ausartak. Horrelakoetan, gehienetan, ezein errurik ez dutenek ordaindu behar izaten dute koldar horien beldur-haserrea.
Gizaldiak gizaldi, urteak urte, hilabeteak hilabete, asteak aste, egunak egun, orduak ordu, minutuak minutu, segundoak segundo, gu geu gara geure lagunik bihozkoienak eta geure areriorik bortitzenak. Horregatik, gaurko lako egun batean, gomutarazi behar diogu geure buruari guretzat “bestea” dena gu haientzat “bestea” garela. Eta Ezberdina izateak ez du esan nahi hau baino: hura guretzat Ezberdina da, eta gu haientzat Ezberdina gara. Gu beti izaten gara Bestea: LGTBI+…