Apirilaren 30ean, hilaren amaierarekin batera, gure Jose Luis Bilbao Larrondo joan zitzaigun. Berria hasieran ez nuen sinetsi nahi; baina, egia da, biziak baditu mugarri bi: hasiera eta amaiera, norberarenak direnak. Maiatzaren 4an, berriz, Leioako San Joan Bataiatzailearen elizan izan nintzen Gotzon eta Idoiari neure doluminak eta elkartasuna adierazteko, haien ama Teresa etxean gelditu zen eta. Badakigu guztiok Josafaten aduanatik igaro behar dugula, baina, ezagutu eta estimatzen duzun pertsona bati doakionean, kontuak saminago jazotzen dira.
Abade meza-esaleak San Mateoren ebanjelioaren pasarte bat irakurri zigun. Eta honetara zioen: «Zuek zarete munduarentzat gatza. Baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro? Ez du jadanik ezertarako balio, botatzeko baizik eta jendeak zapaltzeko». Eta bat-batean konturatu nintzen Jose Luis eta beraren sasoikoak zirela euskal lurraren gatza. Bat-batean konturatu nintzen euskalduntasunik barrukoenean jardun zutela horretan zebiltzala esan barik, hurrengo belaunaldioi mezua argi eta garbi lagata.
Jose Luis herririk herri, jairik jai, ospakizunik ospakizun, euskal nortasuna zabaltzen joan zen. Abade meza-esaleak herri-kirolak aipatu zituenez gero, Luis Mari Bengoa, Jose Antonio Isla, Zumaiako Joxemari Gorritiberea “Gorriti” zumaiarra etorri zitzaizkidan gomutara… eta oraingoan Jose Luis zendu da. Belaunaldi bat, atzetik gentozenok behar beste balioetsi ez genuena… haiek baino hobeak ginelakoan edo. Betiere, haiek zekitena eman ziguten doan, doan. Ez gaurko moduan, dena zerbaiten truke eman behar ei delako.
Eta belaunaldi hori badoakigu… edo joan zaigu. Hurrengo belaunaldikook gai izango ote gara Jose Luisek eta enparauek doan eman zigutena geure ondorengoei emateko? Badiogu denborak aldatu egin direla eta gauzak ezberdinak direla, baina hori beti izan da horrela, beti izan dira gauzak ezberdinak, baina muin bera izan dute, badute eta, guk geure beharra egiten badugu, izango dute. Hala bedi!