Minutu bat eta 40 segundo falta ziren Real Madril eta Belgradeko Partizan saskibaloi taldeen arteko norgehiagoka amaitzeko, Euroligako kanporaketetako bigarren partida. Madrildarrak galtzen ari ziren, serbiarrak jolasean. Falta baten ondoren lehertu zen afera. Partizaneko jokalari bat oldartu egin zitzaion faltagileari, sudurra sudurraren parean jarri eta ukabila altxatu zion. Handik aurrera bi taldeetako jokalarien arteko borrokaldi lotsagarri bat hasi zen. Iskanbilaren ondoren, epaileek 21 jokalari kanporatu eta partida etetea erabaki zuten. Gertaerak falta larritzat jotzen badituzte, 30.000 eta 280.000 euro bitarteko diru-isunak jar liezazkiekete, eta urtebetetik laurainoko zigorra lehiaketa orotatik kanpo. Larritzat joko ez balituzte, are larriagoa litzateke.

Espainiako Futbol Ligako ikuskatzaile batek salatu duenez, Athletic-en eta Realaren arteko derbian 4.000 inguru zale zuri-gorri “Remiro subnormal” oihuka aritu ziren. Donostian antzeko irainak egin izan dizkiete Iñigo Martinezi eta beste zenbait txuri-urdin ohiri.

Ertzaintzak bost euskal herritar atxilotu ditu, Erroma taldea Europako Ligako partida jokatzera Donostiara etorri zenean izandako istiluengatik. Ez dut “txuri-urdin” idatzi, beltzez jantzita baitzihoazen –izan zuten jokaerarekin ondoen uztartzen den kolorea–, eta Realaren nortasunarekin ezkontzen ez diren ekintzak egin baitzituzten, kirol eta gizalege arrastorik gabeak, salagarriak eta lotsa emangarriak.

Beti iruditu izan zait pilotazaleak begirune eta dotorezia handiko jendea direla oro har, eta beti harritu izan nau hainbeste diru jokatzen den lekuan —orain lehengo hamarrenik ez— istilu gehiago ez sortzeak. Historia luzea du pilotak, eta frontoietan ere izan da jokabide gaitzesgarririk, baina ez aurrez aipatu ditudan astakeriekin alderatzekorik. Pilotalekuetako giroa –batzuetakoa oraingoz– aldatzen ari da. Tradiziozko begirunearekin bat ez datozen zenbait joera sumatzen ditugu jada. Ez dut uste, halere, itsuskeria handirik eta jokabide bideraezinik badenik. Luzaz agian.