Síguenos en redes sociales:

Talaieroa

Migratzaileen aurkako ehiza

Urteetan ereiten ari den kontua da, migratzaileak delinkuentziarekin, dirulaguntzak motiborik gabe jasotzearekin, gure ustezko izaera ahultzearekin, tradizioak galtzearekin zein bestelako hizkuntzak ezartzearekin eta abar lotzen dituena. Mezu horiekin, orobat, aldian-aldian nonahi eta nolanahi barreiatzen diren berri-zurrumurruen bidez, gehien-gehienak desitxuratuak, eta sarritan gezurrezkoak, halako giroa sortu da non bi aldeetan kokaturiko muturreko jarrerak bidea egiten ari diren. Ezen migratzaileen kontrako jarrera ez baitator eskuinetik soil-soilik, ustezko ezkerretik ere bai!

Gizarte bakoitzaren eboluzioan beti egon da gizatalde txikiren bat, aurrera egin duelako inbidiak sorrarazi dituena, ahul edota zaurgarri antzeman dena eta eskrupulurik gabekoen tripak hustutzea ekarri dituena. Gure frustrazioen, ezinegonen, aurreiritzien jomugan jarri ditugu, hainbatetan, migratzaileak, ahaztuta gure aurrekoak, bai eta gutariko asko ere migratzaileak garela, distantziak gorabehera.

Ez dakit zer onura dakarren zerbait jazotzen den bakoitzean, jatorria aipatzea, ez baitugu halakorik adierazten gertaeraren atzean dagoena Ataungoa edo ondarroarra denean. Ez dakit zergatik ez den gehiagotan adierazten migratzaileek zergen bidez egiten duten ekarpena jasotzen dutena baino are handiagoa dela. Eta ez balitz ere, inori bururatzen ote zaio azpimarratzea eta nabarmentzea zerbitzu publikoak zein bestelako laguntzak zein adin-tarteetako herritarrek baliatzen eta eskuratzen dituzten gehien?

Egungo gizarteetan, handikiro bizi garen honetan, kexa zabaldua da migratzaile gazte ugari dagoela bazterrotan balantzaka. Akaso, begirada garbitu beharko genuke eta zorroztasun handiagoz gizartea behatu, baitira bestelako errealitateak gure bizimoduaren, erantzukizunak hartzeko daukagun eraren, izaera komunitarioa ahultzearen emaitza direnak. Neurririk gabe aurrera egin nahi dugu, ahal bada inoren kontura aurrera egin ere!

Migratzaileak dira guk egin nahi ez ditugun lan ugari egiten dituztenak zaintzan, ostalaritzan zein bestelakoetan… Eta badira medikuak, irakasleak eta bestelakoak ere, gure gabeziak, gero eta ugariagoak, zorionez betetzen ari direnak. Migratzaileak izango dira gero eta zaharragoak diren gizarteetan ugalkortasun-tasarik handiena izango dutenak eta umeak izateko adinean egongo direnak. Nago, gaiari aukera gisa erreparatu behar diogula arazotzat jo beharrean. Nago integrazioaz, eta bera ahalbidetzeko politikez, aukera berdintasuna bermatzeaz hitz egin behar dugula asimilazioaz, izaera galtzeaz edo ezabatzeaz beharrean. Nago gizartea bilbatzeaz hitz egin behar dugula gehiago, zartatzeaz eta mailakatzeaz, batzuei eskubideak murrizteaz beharrean. l