Zirrikituetatik begira

Amets(gaizto) amerikarra

19.09.2021 | 01:06

Zaintza berezietan zegoen euskal zestalarien Ameriketako ametsa. Azken egunotan horretaz mintzatu zaizkidan zestalariek, lehengoek zein egungoek, gauza bera aipatu didate: bagenekien lehentxeago edo geroxeago hau gertatuko zela, denbora kontua zen. Orain gertatu da, baina etsia hartuta zeuden aspalditik.

Jai Alai dira mundu zabalean euskal hitzik ezagunenak. Marka da, gero, geuk gaztelaniazko ordainak erabiltzea kirol hau izendatzeko: zesta punta, zestalari, puntista... Jaia erabat tristatu eta mingostu zaigu. Legearen babesa izan du orain arte; kasino handiek zestaren aktibitateari eutsi egin behar izaten zioten gainerako jokoetarako baimenak lor zitzaten. Batzuek besteek baino hobeto bete dute. Badira pilotaleku luzeei uko egin eta, gastuak murriztearren, 36 metroko frontoiak eraikitakoak. Bada beirazko frontisa eta errebotea egin eta pilota sintetikoekin aritzera behartu dituen enpresarik. Beste batzuek oso maila apaleko pilotari taldeak eduki dituzte, eta legez eman beharreko 150 jaialdiak bi hilabeteko epean eman. Denboraldi trinkoa. Zesta batere axola ez zaionaren jardunbideak. Dania zen duinen eusten ziona: pilotaleku luzea, zazpi-zortzi hilabeteko denboraldiak, pilotari talde txukuna, lan-hi-tzarmena... baina, urteetako presioen ondoren legea aldaraztea lortu dutenean, hartutako konpromisoak betetzeko asmorik ere ez lukete. 70 urtez etenik gabe aritu ondoren –eta %90 Euskal Herriko pilotariak–, jada jakinarazi diete azaroaren 28an izango dela azken saioa. Uste izatekoa da kalte-ordainekin egingo dutela kitantza. Addio, mutilak!

Sekulako zortea da irail-urrian Hondarribian munduko zestalaririk onenen jokoaz gozatu ahal izatea, baina AEBtako auziak atzerabiderik ez badu, eta zaila dirudi, Ameriketako ametsa amaitua izango da eta Jai Alai joko ederrak geure pilotalekuetara mugatu beharko du; dozenaka pilotari geratuko dira lanik eta etorkizunik gabe, ehunka haur eta gaztetxo ametsik gabe. Ez nuke ezkila en- tzun aurretik eria erraustu nahi, baina ez dago txarrenean jarri eta larrialdi plan bat gorpuzten hastea beste erremediorik.

Más información

noticias de deia