Síguenos en redes sociales:

Eusko Foru Gobernuaren eraketa eta ezabapena: 1800-1877

1793ko urriaren 30ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariak eta lege aholkulariak Bilbon bildu ziren. Espainiako Erresuma eta Frantziako Errepublikaren artean gerra deklaraturik zegoen garaian. Bilbon erabaki zuten “mejorar la Constitución del País y consolidar la Hermandad que desean perpetuar” hau da 3 herrialdeen foru konstituzioa alegia, konstituzio kontzeptua erabili zuten

Eusko Foru Gobernuaren eraketa eta ezabapena: 1800-1877

Eusko Foru Gobernutik (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, “Irurac bat”), Eusko Jaurlaritzara (1775-2025): Eusko agintaritza politiko bateratuaren erakundetzea, 250 urtez” izenburupean, ITUNAk (UPV/EHU) XIV Symposiunean izan zuen aztergai. Alberto Anguloren artikuluan ondotik, horra, laburbilduz Eusko Foru Gobernuaren sorrera, Espainiako erresumaren esparruan, Lege zaharraren garaian, 1800an eta 1877an, Antonio Canovas del Castillok, 1876ko Konstituzioa liberalaren garaian, ezabatu zuena.

Lege zaharreko, Foruen bidezko autogobernutik, Lege Berrira

XVII mendean, Ingalaterran Parlamentuak irabazi zion agintea erregeari. Eta XVIII mende bukaeran, 1776an Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batuko parlamentutik aldendu zen, independentzia aldarrikatu eta konstituzio politiko berria asmatu zuen. 1789an Frantzian konstituzio politiko berri bat idatzirik, iraultza liberalaren giroan, burutu zen. Konstituzioetan giza eskubideak ere bermatzen ziren, eta XIX mendean barrena Estatu-nazio egiturak antolatu ziren. 1870an, nazioartean 50 Estatu inguru baldin baziren, gaur egunean, 2025ean, Nazio Batuen erakundean, 194 Estatu-nazio onarturik daude, horietatik 41 mikroestatu eta 70, 1-10 miloi biztanleen artekoak dira.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar nagusietako ordezkariak XVI mendeaz geroztik biltzen ziren. 1511 urtean Bilboko Kontsulatuaren jurisdikzioa merkataritzan, 3 herrialdeak hartzen zituen. 1764an, Xabier Munibek, Sociedad Bascongada de Amigos del Pais, Irurac bat izenekoa sortu zuen 1764an, Erkidegoa eragiteko eta 1775ean, Bergaran, RSBAPeko egoitzan elkartu ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkariak eta gero Durangon eta Arrasaten eta Bilbon 4 egunez jarraian.

Bilboko Konferentzia 1793an

1793ko urriaren 30ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariak eta lege aholkulariak Bilbon bildu ziren. Espainiako Erresuma eta Frantziako Errepublikaren artean gerra deklaraturik zegoen garaian. Foruen legediaren arabera, herrialde bakoitzak lurraldea defendatzeko bere gain armada antolatu behar zuen. Arabako Diputatu Nagusi zen, Prudencio María Verasteguik egin zuen deialdia eta gaiordena: “tratar del veedor de fierro en Cádiz, de establecer para lo sucesivo iguales Juntas anuales, de los medios legítimos de recobrar nuestros fueros y derechos, de aclarar algunos artículos que pueden interrumpir nuestra armoniosa correspondencia; y en fin de todo aquello que se considere ser de interés común de las tres. El recargo de derechos sobre nuestro frutos y manufacturas y los medios de afianzar más nuestra recíproca amistad son los artículos que interesan a nuestras poblaciones”.

Ramon Ortiz de Zarate. Arabako Diputatu Nagusia (1860-1863) 1854tik bilkura komunak, Euskal Batzar Nagusi batean bihurtu nahi zituen. Nafarroa ere egituran sartu nahi izan zuen, Laurak bat egitasmoa sortzen saiatu zen.

Bilbon erabaki zuten “mejorar la Constitución del País y consolidar la Hermandad que desean perpetuar” hau da 3 herrialdeen foru konstituzioa alegia, konstituzio kontzeptua erabili zuten.

Horretarako, ondokoa adostu zuten: Urtero maiatzean, elkarren arteko Batzar Nagusia ospatzea, herrialde bakoitzak 5 batzarkide iraunkor izendaturik izatea, esparru fiskal komuna sortzea, Gortean ordezkari berberak erabiltzea eta azkenik gobernu bati dagokion eran, herrialde bakoitzeko ordezkarien zereginak zehaztu ziren.

Azken batean, Erkidegoaren biztanle guztien ordezkaritza lortu nahi zuten, baita hirietako biztanle eta merkataritzako burgesiarena ere.

Erregearen aginduan babesturik, Eusko Foru Gobernua

Frantziako errepublikanoen aurkako gerra amaitu ondoren, 1795ean, Espainiako Gortean, Foruen bidezko aginteak zalantzan jarri ziren. F. Zamora Euskal Herrian espainiar armadaren auditore nagusi zenak, Godoyri proposatu zion: “Si a esta paz siguiese la unión de las provincias al resto de la nación sin las trabas forales que las separan y hacen casi un miembro muerto del reino, habría V.E. hecho una de aquellas grandes obras....”.(1795.8.10).Bestalde, Araba eta Gipuzkoako ordezkariak hiru herrialdeen arteko elkargunea indartzeko asmotan ari ziren baina Bizkaikoak ez horrenbeste, Trianoko burdin mearen zerga Araban eta Gipuzkoan ordaindu beharra zutelako. Horregatik 1799an, Araba eta Gipuzkoako ordezkariek elkarren arteko bilkura egin zuten, baina Alfonso Duran, Gipuzkoako korregidoreak aldiz, Erregearen baimena,“Real aprobación” behar zuela, legez batzartzeko, salatu ondoren, Gaztelako kontseilua ere batzarrak debekatzekotan zeuden. Baina Mariano Luis Urquijo, 1800an Carlos IV erregearen ministroa izanik, lortu zuen erregearen onespena bilkurak ospatzeko eta elkargunearen agintaritza sortzeko. Horrela, aurrerantzean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkarien arteko Batzarra sortu zen, adostasunak sortzeko eta gobernu komuna eragiteko. 1800etik 1877 arte, 199 akta komun sinaturik daude. Guztiak, 1995eko liburuan argitaratu genituen.

Eusko Foru gobernu honek, barrura begira, hiru herrialdeen artean, espazio juridiko berbera sortzea eragin zuen, hidalgiaren tituluak parekatuz eta espazio fiskal komun bat ere bai.

1808an Baionan Espainiako erresumarako konstituzio berriaren eztabaidan, euskal ordezkari guztiak “Foru konstituzioaren” alde jarri ziren. Hala ere, 1810ean, foru erakundeak desegin eta Frantziako inperioaren barruan eta Espainiatik zatiturik, frantsesek armada napoleonikoaren babespean Donostia hiriburua zelarik, “Bizkaiko gobernua” antolatu zuten. Gobernu honetan Euskal Herriko handiki guztiek parte hartu zuten eta gobernu liberal zibil eta militarra izan zen.

Zerga zuzenak jabego eta aberastasunaren gainean erabaki zituen, gehi eguneroko kazeta besteak beste.

1812ko Cadizeko Espainiako konstituzioaren aurrean, Foruen bidezko erakundeen alde egin zuten Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek.

Ondoko urteetan, 1814tik, 1833 urte bitartean Eusko Foru gobernu komunaren zeregina zabaldu egin zen. Bereziki, 1824an, Ballesteros Ogasun ministroak kupoa eskatu zuenean, hiru herrialdeen artean, ordainketa batera egiterakoan, Arabak %27,6, Bizkaiak %38 eta Gipuzkoak %34,4 ordaintzea erabaki zuten.

1839ko Urriaren 25eko legearen ondoren

1837ko Espainiako konstituzioak, Foruen bidezko erakundeak ezabatu egin zituen baina 1839ko legearen ondorioz, Foru erakundeak indarrean jarri ziren. Aurrerantzean, 2 konstituzioen arteko konponketa burutzeko, Foruen moldaketa egin behar zen. “Patriotismo foral” edo abertzaletasun forala Pedro Egañaren esanetan, abiatu zen. Foruzaletasun ildo desberdinak agertu ziren. Foruzaletasun politiko liberalak, Eusko konstituzioa (“Constitución Vascongada”) eta Espainiar konstituzio politikoa, parez pareko jartzen zituen. Beste foruzaletasun batek, esparru ekonomiko-administratibo esparrura mugatzen zuen autogobernua, bestela Espainiar konstituzioa aplikatuz eta joera hau Nafarroako buruzagi liberalek 1841ean ezarri zuten.

Zer da Fueroa? 1819an, Bixenta Mogelek horrela azaldu zuen: Ez aldean guk galdu herriko legea, / eta antxinatik, dogun / geure euskerea. / Gogoan beti euki / lehenengotik hona/sartu ez dala arrotzik / agintetan hona.Ikuspegi liberal batetik, A.Pascual Iturriagak 1837an: “Fueroac esan nahi du / Gure errietan / Ez zaigula sartuko / Inor ezertan”.

1840an, Nafarrek bere aldetik negoziatu zuten foruen moldaketa eta Eusko Foru Gobernuko ordezkariak bestetik. Azkenik, gobernu zentralak bere kabuz egin zituen moldaketak, justizia, aduanen aldaketak eta beste arlo batzuetan.

1868an “Laurac Bat” aldarrikatuz erabili zen anagrama.

1844an Batzar nagusiak eta Foru Diputazioak indarrean egonik, aldi berri bat abiatu zen eta P. Egañak zera idatzi zion Bizkaiko Foru aldundiari: ”Ahi no debe haber carlistas ni liberales, moderados ni exaltados, sino Fueristas o lo que es lo mismo, buenos y leales Vascongados. Cuando un pueblo está amenazado de perder su nacionalidad, es mal ciudadano el que predica la división...”(1844.VII. 10). Behin aduanak aldaturik eta Espainiako sistema judizial berria indarrean egonik, euskal liberal guztiak Foru abertzaletasunera bildu ziren. 1850ean Ramon Ortiz de Zarate “Consejos al Pueblo Vascongado” foruen defentsarako argitaratu zuen Gasteizen gogoeta berritzaileak eginez eta azkenik debekatua izan zen. 1850-1852an giro foruzalea indartu egin zen eta Espainiako gobernu buruaren, J. Bravo Murilloren (26-6-1852) foruen moldaketa, proposatu eta ez zen onartua izan. Blas Lopez eta P. Egañak idatzi zuten: “Sin el pase foral la autonomía vascongada que todos dicen querer respetar, es una formula vana sujeta a los caprichos del poder” (1854). Giro honetan, 1852an, J.M. Iparragirrek sortu bide zuen Bilbon Gernikako Arbola kantua, Donostian kantatu zuen eta berehala, euskaldunen ereserkian bihurtu zen.

Bilbon J. E. Delmasek argitaratzen zuen egunkaria Boletin de Comercio debekatu zutenean, berehala 1856ko ekainaren 26an Irurac bat izenekoa argitaratzen hasi ziren eta “política vascongada” delakoa aldarrikatzen zuen.

Bestalde, 1859an Arabako gobernadore zibilak salatu zuen Eusko Foru gobernuaren bilera izatea Gasteizen ezelango baimenik gabe egiten zela eta 1859ko uztailaren 7an, gobernazioko ministroa zen José Posada Herrerak debekatu egin zituen bilkurak antolatzea aurrerantzean: “Principio absurdo peligroso e imposible... un Estado dentro de otro Estado” . Beraz, Foru erakundeak Espainiko estatuko erakundetzat ez zituen hartzen. Hala ere, hiru herrialdeen arteko elkagunea eta bilerak jarraipena izan zuten.

1793eko azaroaren 2an, Bilbon bildu ziren ordezkari guztien sinadurak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko elkargune komuna indartzeko, Batzar Nagusi komuna sortzeko erabakia hartu zuten.

Azken batean 1860ko hamarkadan Eusko Foru gobernuaren izaera gero eta sendoagoa ageri zen eta Laurak bat izeneko egitasmoa ere azaldu zen 1864an.

Eusko Foru Gobernuaren ezabapena 1877an

Baina azkenik, 1876 eta 1877ko Bizkaiko Batzar nagusien erabakien ondoren, A. Canovasek, Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Foru Diputazioa desegin egin zituen (5-5-1877), ondoren Araba eta Gipuzkoakoak eta Batzar nagusiak eta Foru Diputazioak, deseginez, Eusko Foru gobernuaren izaera ere desagertu zen.

Baina ohiko Foru ogasunak, Espainiako sistema probintzialera egokitzeko, 8 urtetarako Diputazio probintzialen esku utzi zituen zerga batzuk kudeatzeko eta 1887an berriztu zenean, Itun ekonomiko-administratiboaren aldia finkatu zen. Baina era berean, Foru erakundeen bidezko aginteak berreskuratzeko aldarriak egin arren, besterik ezean, 1919an Autonomia Estatutuen garaia abiatu zen.

Idazlea: Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga (1953). Historia garaikidean Katedraduna, (emeritoa) eta ikerketa taldeburua (UPV/EHU) eta Eusko Ikaskuntzan, historia sailburua, presidenteordea eta presidentea (1992). ICHRPIko presidentea, (International Commission for the History of Representative and Parliamentary Institutions), Nazioarteko zientzi historikoen elkartean. 2019ko Euskadi Ikerkuntza Saria. 24 liburu argitaratu ditu, azkenak, ‘The Making of the Basque Question’ (2011), eta De los vascos sin historia a los vascos con Historia (2017).