Pronostiko zaileko txapelketa izan da 2025eko Bizkaikoa, eta finala ere hala zetorren. Casillako oholtzara igo ziren zortzi bertsolarien artean faboritoak aukeratzea ez zen erraza eta susmo guztiak bete ziren, inoiz baino estuago joan baitzen puntuazioa. Horren erakusgarri da txapeldunak, Aitor Etxebarriazarragak, 1.163 puntu jaso zituela eta bigarrenak, Onintza Enbeitak, puntu erdi gutxiago baino ez. Kontuak kontu, lehenengo txapela irabazi du Etxebarriazarragak, finalaurrekoetan egin zuen lan bikaina Bilbon modu disdiratsuan biribilduta.

Gainera, buruz burukora heldu ziren biez gain, beste finalistek ere lan ederra egin zuten. Txaber Altubek ezusteko gozoa eman zuen, lehenengo aldiz finalean sartu eta hirugarren eginda, buruz burukotik hurbil. Laugarren Aitor Bizkarra izan zen, bosgarren Xabat Galletebeitia eta seigarren Jone Uria. Ez ziren atzeregi geratu Oihana Bartra zazpigarrena eta Gorka Pagonabarraga zortzigarrena.

Sarritan bertsolariek berotzen dute publikoa baina, oraingoan, Casillako harmailak goraino bete zituzten 4.700 zaleek hasieratik sakatu zuten. Hala, zortziko handian eta txikian zortzi bertsolariak hotz samar hasi ziren arren, pixkanaka martxa hartzen joan ziren eta, azkenerako, saio ederra joan zen. Txikian, Jone Uriak eta Oihana Bartrak irudimena erabili zuten Salbeko zubiko jauzien lehiaketan, zubi ertzeko plataformatik dantza egin behar duten dantzarien azalean. “Eta plataforma jausten bada doi-doi / arin-arina eta hiru tirabuzoi” proposatu zion Bartrak Uriari eta honek, lehiaketako babeslea gogoan, erantzun: “Red Bullen hegoak beharko ditugu”. Txaber Altubek eta Onintza Enbeitak ere publikoa gogobetetzen asmatu zuten, Euskal Herriko txokoen bitxikerien bilduma eginda.

Puntu erantzunetan bizi-bizi aritu ziren bertsolariak. Bereziki txalotua izan zen Etxebarriazarragaren lana, mezuagatik eta ideiak lotzeko gaitasunagatik. Gerraren eta armen inguruko gaiak egokitu zitzaizkion gernikarrari eta hirugarrenean hala amaitu zuen: “Gerra da-ta dirua sortzeko makina /batzuen poztasuna ta besteen mina”. Giroa goi-goian zela, hamarreko txikian, Pagonabarragak eta Bartrak ere jakin zuten publikoarekin konektatzen. Politikarien eta enpresen arteko ate-birakariak oinarri hartuta, kritika zorrotza egin zuten, ezer gorde gabe, arrazoi sendoak emanez. Gabonetako jaiotza baten aurrean, Galletebeitiarekin kantuan, gaur egungo Belenen dagoen egoera latza gogoan hartu zuen Bizkarrak: “baina oraingo artzainek ez dute bildotsik”.

Bakarkakoan, Jone Uriak ederto heldu zion gaiari: Gernikako bonbardaketako biktima izan zen arren, Alemaniako presidentea barkamen eske etorri denean ez dute gonbidatu. “Ni ez naute gonbidatu ta Espainiako erregea bai”, bota zuen algortarrak lehenengo; eta bukatzeko hauxe: “Orduan egin zenutenak berez ez dauka izenik / ta orain egin duzuenak ere ez du barkamenik”. Oihana Bartrari, ostera, diruz larri daben aktorea izatea egokitu zitzaion. Itziar Ituño zela aipatu zuen, eta horren telesail famatuenari erreferentzia eginez, “nire etxea ere paperezkoa da” bota zuen. “Pelikula pilo bat ikusiz debalde / baina guztiok gaude kulturaren alde”, errematatu zuen.

Onintza Enbeitak bere gorputza onartzea gero eta gehiago kostatzen zaionaren azaletik kantatu behar izan zuen. Lan autobiografikoa egin zuen kasik, zintzo eta zorrotz, eta azken pausua egin zuen buruz burukoan sartzeko. Aitor Etxebarriazarraga izan zuen kantulagun azken txanpa horretan. Konfiantza sendotzeko ikastaro batean jarri zituen Idoia Anzorandia gai-jartzaileak. Etxebarriazarragak bere burua jausten utzi zuen atzerantz, eta Enbeitak eutsi ez. “Badakit lehiakorra zarela zu baina / ez ni hemen hiltzera lagatzeko aina”, bota zion gernikarrak. “Zuk uno ochenta-tik egin duzu zaunka / eta hemen tamainak garrantzia dauka”, erantzun muxikarrak.

Ganbarakoan, hauxe bertsolari bientzako gaia: “Begietara begiratu eta hala esan dizu: onena zara”. Etxebarriazarraga esker onez hasi zen: “nahiz ta jakin begi horiek guzurra esaten dabena / hemen ni naiz begioi sinistu gura deutsena”. Hirugarren bertsoan zalantzak agertu zituen: “Zer da ona, zer da txarra alper-alperrik sailkatzen / igual neuk ikasi behar dot neure burua maitatzen”. Enbeitak hala bukatu zuen bere lana: “Esan nahi deutsut jente aurrean, ta esan nahi deutsut garbi / ingurukoek eutsi ezean inor be ez da hain handi”.

Arantza Plazak jantzi zion irabazlearen txapela Etxebarriazarragari. Urte luzez bertsolaritza irakasten aritu da Plaza eta, oholtzara igota, transmisioaren beharra nabarmendu zuen. Txapeldunak, azken agurrean, denen neurriko mundu bat sortzea aldarrikatu zuen, eta horretarako ekitea ezinbestekotzat jo zuen: “Bihar-ak marrazteko gaur-ak behar dira”.

Goi mailako finala izan zen, 2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketak erremate bikaina izan zuen Casillan. Zortzi finalistetatik zazpi sekula txapeldun izan gabeak ziren, Onintza Enbeita zen ohore hori izan zuen bakarra, 2018an. Aurten ezin hurbilago geratu da muxikarra. Hortaz, palmaresean aurrenekoa du Aitor Etxebarriazarragak. 2018an kantatu zuen estreinakoz Bizkaikoan, 2021ean eta 2023an finala zer den probatu zuen eta aurten heldu da goraino.