Beste behin ere, eta dagoeneko 7 deialdi dira, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak sustatzen duten Sormen Bekaren irabazlea ezagutzera eman da. Euskara jendea gaitzat hartuta esku hartze artistiko bat egitea zen aurtengo beka deialdiko zeregina, eta Irati Bazeta ilustratzaile abadiñarrak irabazi du, Harien isla izeneko proiektuarekin. Margogintza umetatik landu izan du eta horretan oinarrituko da bere lana. "Nor da euskara jendea? Zer dakar euskara jendea izateak? Ba al dugu euskara jendea garonaron kontzientziarik? Euskaraz bizi edo euskarara heltzeko denok baliabide berak al ditugu? Zein egoeratan sentitu dugu hizkuntza estresa? Hainbat galderatan oinarri hartuta landutako proiektua da", esplikatu du Bazetak agerraldian.

Dozena bat pieza sortzeko asmoa duela azaldu du, horiekin guztiekin erakusketa egin ahal izateko 60. Durangoko Azokan.

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak babesten duten Sormen Beka DA! egitasmoaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da. Horren baitan irabazleak 15.000 euroko beka jasoko du. Nerea Mujika Gerediagako presidenteak adierazi du sortzaile berrien bidelagun izateko nahia zutela. "Gazte jende asko nabaritzen genuen, arlo ezberdinetan sortzeko gogoarekin, euskaraz eta euskaratik gainera. Eta horren erakusleiho baino gehiago izan nahi genuen".

Eta ibilbidea oparoa izaten ari da: Atopia rol jokoen egitasmoa izan zen Iehen bekaduna, eta geroztik Kai Nakairen diskoa, Bañolet ikus-entzunezkoa, Barraka bideojokoa, Jon Ander Urrestiren Eukalyptus antzezlana eta Marramiau sorkuntza taldearen Argizagi telesaila saritu dituzte.