Ikasle goizarekin batera ireki ziren ostegunean 59. Durangoko Azokaren ateak, eta ikasle olatu bat etorri zen Euskal Herritik Durangora. Atzo, bigarren egunean, kulturaren transmisioa lantzen jarraitu zen, Gazte Eztanda ekimenaren hirugarren edizioarekin, programatutako hamaika ekitaldiekin eta azokan bertan sortzen den giro magiko eta bereziarekin.
Aurtengo leloak ondo dioen bezala, Hartzea ematea da. Idaztea irakurtzea da, eta Durangoko Azokan ehunka aukera daude irakurzaletasuna sustatzeko. Zehazki, aurtengo uztatik 639 liburu berriak dira, 2024an argitaratuak, baina Landako Gunea betetzen duten 274 erakusmahaietan beste urte batzuetako eleberriak, ipuinak, istorioak eta kontakizunak aurki daitezke.
Gainera, azokak irauten duen egun guztietan hainbat liburu aurkezten dira Ahotsenean Literatura gunean. Ezinbestekoa da urte berean argitaratu izana. Oraingo honetan, liburuei dagokienez, 78 eskaera jaso ziren eta 50 lan aurkeztuko dira. Oraingoz, ezin zaie lekua ziurtatu eskatzen duten guztiei; egun eta espazio kontuak direla medio, baina Durangoko Azoka euskal kulturaren plaza berezia da, eta, aurkezpenez gain, gertuagotik ere ezagutu daiteke euskal sortzaileen lana, azokako kaleak zeharkatzen hasten diren lehenengo minututik.
Gaurko egitarauari dagokionez, aurkezpenez gain, Durangoko Azoka beste ekitaldi askoren topagune izango da. Adibidez, nabarmentzekoa da Gerediaga elkarteak Nestor Basterretxeari esker ona erakutsiko diola. Horri lotuta, Museoan bertan, artistaren lanari buruzko hitzaldia eskainiko du Katrin Alberdik.
Eta, noski, Landako Gunera hurbiltzen diren euskal kulturazale guztiek jarraituko dute sortzaileekin konfidentziak partekatzen, eta alderantziz.