“Azoka ireki eta segituan hasi dira Eskapu bildumako liburuak saltzen, sinatzen, irakurleekin partekatzen... Egia esan, oso gustura nabil”. Hitz horiekin laburbildu zuen Nerea Loiola idazleak.

Egile debatarrak irakurle gisa bizi izan du Durangoko Azoka duela urte gutxi arte. Izan ere, 2018an bere lehen liburua argitaratu zuen haur literaturan, Harri bat poltsikoan (Erein); 2019an, bigarrena, Azken lanhütarra (Erein), eta, 2022an, hirugarrena eta laugarrena. 2024an, berriz, hainbat nobedade ditu esku artean. “Aurten hiru liburu berrirekin nator. Eskapu bildumako hirugarren liburua AHT- Arrisku Handiko Trena. Gero pixka bat txikiagoentzako Eskapu Txiki bilduma sortu dugu eta bilduma horretako lehen liburua argitaratu da Miraren mendeku izenekoa. Bestalde, helduentzako narratiba bat ere daukat Zebrak eta bideak. Eta aurreko urteko liburuak ere hementxe daude”, azaldu zuen.

Bere ustez, “gaurko haur eta gazteak etorkizuneko irakurleak izango dira, eta etorkizunean euskarazko irakurleak nahi baditugu orain zaindu behar ditugu. Horregatik, azoka-egunak egun politak dira, ahalik eta gehien etortzen saiatzen naiz, irakurleekin egoteko aukera ematen baitit. “Esan duten moduan, hartzea ematea da eta idaztea irakurtzea da, eta guk sortzen ditugun liburuak irakurlearengana iristen direnean bide berri bat egiten hasten dira, eta hori da literaturak eskaini behar duena”.

Aurrera begira, Eskapu txiki bildumaren bigarren zenbakian ari da lanean, eta oraindik forma hartu gabe duen beste eleberri bat du buruan bueltaka.