Bidaiatzea, idaztea eta deskribatzea dira bere pasioak eta Ibon Martín (Donostia, 1976) kazetari eta idazleak berezko lekua lortu du thriller nazional eta internazionalean. Txangoen gidaliburuak, nobela historikoa eta haur literatura ere landu dituen arren, nobela beltzak eman dio osperik handiena. Hainbat hizkuntzatara itzuli dira bere lanak, eta horietatik esanguratsuenak euskaraz ere irakur ditzakegu. Isiltasunaren itsasargia, Pasaian girotua, Tulipen dantza, eta Kaioen ordua, esaterako. “Topera gabiltza. Aurten oso gustora eta berez bilduma berri bat atera dut umeen literaturan, Siraren lehenengo bi aleak ekarri ditugu eta kriston arrakasta izaten ari du”, esplikatu zuen egileak irakurleekin solasaldi, sinadura eta argazkiak partekatzen zituen bitartean.
2019az geroztik, arrakasta handiz argitaratzen du Oninen abenturak haurrentzako bilduma; izan ere, pertsonaia honek milaka haur konkistatu ditu, baina 2024ko uztari dagokionez lau argitalpen berri ditu Durangoko Azokan: Kaioen ordua, Onin eta misio espaziala, Sira eta labirinto magikoa eta Sira eta txokolatearen misterioa.
Zentzu horretan, egilearentzat oso data bereziak dira hauek. “Azken finean dendetan milaka ale saldu ditzakezu, baina ez dakizu nork erosten dituen, hemen eroslearekin harremana daukagu eta horrek oso berezia bihurtzen du”, aitortzen du.
Etorkizunera begira, “jende asko dator galdezka noiz atera behar dudan eleberri berria”. Eta galderak badu erantzuna. Alma Negra urtarrilaren 7an kaleratuko da.