“Zenbaki Gorriak labetik atera berri dago eta oraingo honetan Bartzelonako Rabal auzoan kokatzen da”, aurreratu zuen Jon Arretxe idazleak Durangoko Azokan liburuak sinatzen zituen bitartean. Argi dauka berarentzat “urteroko zita ezinbestekoa dela, batez ere irakurleakaz elkartzeko aukera delako. Oso pozik nago eta oso momentu politean nago”. Tamalez, gauza bera ezin du esan bere liburuetako pertsonaia nagusiak: Toure detektibea. Eleberri bizigarri bezain gogorra da Toureren hamaikagarrena, estilo zintzokoa, sagako besteetan bezala Europa diruduneko baztertuen azpi mundua erakusten duena. “Toureren nobeletan denetarik egon da. Batzuetan oso positiboak izan dira eta Toure nahiko egoera onean egon izan da, baina beste batzuk gogorrakoak dira. Zenbaki gorriak esan genezake dela gogorrenetako bat. Toure dago zuloaren hondoan, bakar bakarrik, Rabal auzoan botata, kalean bizi da. Txarrago ezin da egon”, laburbiltzen du Arretxek.

Aurreko nobelan Las Palmasen egon ondoren, oraingo honetan patuak Bartzelonara darama Toure. Hor, denbora soberan izango du ihesaldi etengabea bilakatu zaion bizitzaz hausnartzeko. Inoiz imajinatuko ez zituen gauzak egin beharko ditu bizirik irauteko, degradazio-maila beherenera iristeraino.

Nobela beltzaren zalea den irakurleak aukera polita du argitalpen honetan. Izan ere, sortu dituen liburu guztien artean, bidaia-narrazioak eta nobela beltzak dira nagusi. Azken genero honi dagozkio Xahmaran, Tangerko Ametsak, Arrutiren banda eta Toure ikertzailearen sailekoak: 19 Kamera, 612 Euro, Hutsaren itzalak, Estolda jolasak, Sator lokatzak, Ez erran deus, Mesfidatu hitzez, Dortokaren begirada, Lyrica garaia eta Musker amarruak.