BERMEO. Koronabirusak eragindako krisialdi ekonomikoaren inpaktua gutxitzeko helburuarekin, Bermeoko Udalak 'Bermeo Tuna Pintxo Tour' izeneko pintxo-lehiaketa antolatu du, uztailaren 17tik 26ra egingo dena. Ekimen hau 'Nik, BermeON' kanpainaren barruan egingo da, eta gaur goizean egin da horren aurkezpena.

Lehiaketa honen bidez hegaluze-pintxo hoberena zein den jakingo da, hori izan beharko baita pintxoen osagai nagusia. Herritarrek taberna parte hartzaileen pintxoak dastatu ahal izango dituzte eta, euren gustuaren arabera, 1etik 6ra ordenatu. Gainera, txapelketa honetan parte hartzen dutenek saria eskuratu ahal izango dute.

Hala ere, 'Bermeo Tuna Pintxo Tour' egitasmoa ez da bakarrik lehiaketa honetara mugatuko. Taberna parte hartzaileek euren pintxoak uda guztian zehar salgai izango dituzte, nahi duenak dastatu ditzan. Helburua bikoitza da, beraz: Bermeoko ekonomia berraktibatzen laguntzea eta herritarrei eta kanpotarrei hegaluzearekin egindako pintxo hoberenak eskura jartzea. Hainbeste modu daude atuna prestatzeko...

Hegaluzea Bermeoko tradizioa, Bermeoko historia da. Herriko produktua da, herrian bertan landu eta saltzen dena. Mundu mailan erreferentzia bilakatu nahi dute eta horregatik sortu zen, besteak beste, Bermeo Tuna World Capital egitasmoa. Izan ere, BTWC-i esker atunaren balio kate guztia balioan ipini nahi da. Udalaren helburua da kanpotarrek bermeotarron nortasunarekin hain lotuta dagoen hegaluzea eta Bermeo bera zuzen-zuzenean lotzea eta bide horretan pausu bat gehiago emateko, Bermeo Tuna Pintxo Tour lehiaketa martxan jarri da.

NOLA PARTE HARTU?

Partehartzeko lau gauza besterik ez dira egin beharko: foiletoa taberna parte hartzaileetan bertan edo Turismo Bulegoan hartu, pintxoak dastatu, probatu ditugunen artean gehien gustatu zaizkigun 6ak aukeratu eta foiletoa uztailaren 28a baino lehen Bermeoko Turismo bulegoan entregatu.

Pintxoa probatu dugunean, tabernan zigilua jarriko digute egiaztagiri modura. Zigilu bakoitzaren alboan, 1, 2, 3, 4, 5 edo 6 zenbakiak jarri beharko ditugu, 1 gehien gustatu zaiguna eta 6 gutxiago gustatu zaiguna izanik. Guztira, 15 tabernek parte hartuko dute. Hala ere, ez da beharrezkoa izango 15 zigiluak eskuratzea. Nahikoa da 6 dastatzea eta beste horrenbeste zigilu eskuratzea lehiaketa honetan parte hartzeko. Gainera, parte hartzen duten pertsona guztiak Bermeo Tuna World Capitaleko kontserben 3 loteren zozketan sartuko dira. Zozketa uztailaren 29an egingo da.

Esan bezala, taberna parte hartzaileak 15 izango dira, eta bai taberna zein pintxoa, behar bezala identifikatuta aurkituko ditu bertaratzen denak. Izan ere, bereizgarri bat izango dute jarrita ('Bermeo Tuna Pintxo Tour' idatzita egongo da). Establezimenduek euren pintxo proposamena 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara eskuragarri izango dute.