Walkin footballa Durangora helduko da, 50 urtetik gorako gizonei eta 40 urtetik gorako emakumeei zuzendutako jarduera batekin. Durangoko Cultural Sociedad Deportivak antolatzen du jarduera hau, Durangoko Udalaren laguntzarekin eta Athletic Club Fundazioaren babesarekin, kirolaren bidez zahartze aktiboa, osasungarria eta parte-hartzailea sustatzeko helburuarekin.
Walking footballa oso hedatuta dago iparraldeko herrialdeetan eta Ingalaterran, eta parte-hartze handia du bertan, batez ere helduen artean, bere izaera inklusibo, seguru eta irisgarriari esker. Modalitate honek futbolaz gozatzeko aukera ematen du, lesio-arriskua murriztuz eta jokoaren erritmoa parte-hartzaile bakoitzaren gaitasunetara egokituz.
Jarduera
Onura fisikoez gain —mugikortasuna, erresistentzia eta bihotz-hodietako osasuna hobetzea, besteak beste—, walking footballak sozializazioa, ongizate emozionala eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzen ditu.
Jarduerak Athletic Club Fundazioaren tutoretza teknikoa izango du, eta erakunde horrek hartuko du bere gain entrenamenduen zuzendaritza.
Lehen denboraldi honetarako aurreikusitako programaren esparruan, ekainean Lezaman lagunarteko partida bat antolatzea aurreikusten da. Horri esker, Durangoko taldeak klubaren instalazioetan jokatzeko aukera izango du. Programazioa, hala ere, izen-emateen azken kopuruaren eta jardueraren garapenaren araberakoa izango da.
Entrenamendu-saioak doakoak izango dira eta ekainaren 3an hasiko dira. Asteazkenetan egingo dira, goizeko 11:30etik 13:00etara, Tabirako futbol-zelaian.
Izen-ematea
Izen-emateko epea maiatzaren 18tik 27ra egongo da zabalik, eta izen-ematea info@durangokirolak.net helbide elektronikoaren bidez edo Landako 1eko harreran aurrez aurre egin ahal izango da. Harrerako ordutegia honako hau izango da: astelehenetik ostiralera 9:00etatik 21:00etara; larunbatetan 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara; eta igandeetan 9:00etatik 14:00etara.
Durangoko Udalak herritarrei ekimen honetan parte hartzeko gonbita luzatu die; izan ere, jarduerak ariketa fisikoa egitea, ongizatea sustatzea eta harreman sozialak indartzea ahalbidetzen du, ingurune irisgarri eta egokitu batean.