Euskarazko sorkuntza indartzeko asmoz, Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak martxan jarri dute Durangoko Azokako Sormen Bekaren bederatzigarren edizioa. Bizenta Mogel bibliotekan aurkeztutako deialdiak musika proiektuak izango ditu ardatz, eta irailaren 21era arte egongo da zabalik proposamenak gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera bidaltzeko epea. Hautatutako sortzaile edo talde berriak 15.000 euroko laguntza jasoko du aurtengo Azokan, eta amaitutako lana 2027ko edizioan aurkeztu beharko du jendaurrean. Baldintza nagusi gisa, lanek jatorrizkoak eta euskara hutsekoak izan beharko dute hitzik izanez gero; horrez gain, aurten berariaz zehaztu dute ez dela adimen artifizialarekin sortutako lanik onartuko.

Deialdiak muga zorrotzak ezarri ditu hautagaien profilerako, laguntza sortzaile berriei soilik zuzentzen zaiela bermatzeko. Gauzak horrela, ibilbide luzeko musikariak kanpoan geratuko dira: ezingo dute parte hartu dagoeneko bi lan kaleratu dituztenek (euskarri fisiko zein digitalean), bost kolaboraziotik gora egin dituztenek edota diskografia batekin kontratua sinatuta dutenek. Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidenteak azpimarratu duenez, Sormen Bekarekin “ibilbide emankor eta polita” egin dute 2018tik, eta helburua “sorkuntzaren munduan hasten ari direnei” bultzada ematea da, banaka zein taldeka euren bidelagun izaten jarraitzeko.

Bestalde, Paule Sanchez Durangoko Euskara eta Kultura zinegotziak gogoratu du “Durango euskal kulturaren bihotza” dela eta ekimen honekin esperientzia hartzeke duten gazteei ikusgarritasuna eman nahi dietela, “munduari gure hizkuntza eta kultura biziaren indarra erakustea” asmo nagusitzat hartuta.

Proiektuak aurkezteko xehetasun guztiak durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke jada.