Kultura eta ezagutza askotariko kolektiboetara hurbilduz irakurketa inklusiboa sustatzeko helburu duen 'Lectura sin barreras: tejiendo comunidad desde la biblioteca' izeneko proiektua jarri zuen martxan Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekak. Bada, orain, Kultura Ministerioak eta Estatuko Udalerrien eta Probintzien Federazioak (FEMP) bultatutako 'Maria Moliner' irakurzaletasuna sustatzeko kanpainaren aitorpena jaso du. Programa honek 50.000 biztanletik beherako udalerrietan irakurketa sustatzeko proiektu onenak saritzen ditu.

Sari berri honekin, bosgarren aldia da liburutegiak sari hau lortzen duena, eta gizartearekiko eta Durangoko herritar guztien artean irakurketa sustatzeko duen konpromisoa indartzen du.

Maria Moliner kanpainak bereziki baliabideen kudeaketaren eraginkortasuna, aurkeztutako proiektuaren kalitatea eta originaltasuna baloratzen ditu, baita gizartean duen eragina eta irakurketa askotariko kolektiboen artean sustatzeko egindako ekarpena ere, haurrei eta gazteei arreta berezia jarriz.

Sari hau, pasa den urtean jasotako 10.000 euroko sari bereziari gehitu behar zaio, Estatu osoko hamar liburutegiri soilik eman baitzaie. Orduan, proiektu saritua “Viajes Bizenta Mogel Biblioteka: la entrada a todo un mundo de saberes y experiencias” izan zen ekimen berritzailea, liburutegiaren ohiko programazioa murgiltze-esperientzia bihurtu zuena, herritarrak ezagutzarekin konektatuz irakurketa-klub espezializatuen, tailer tematikoen eta dibulgazio-hitzaldien bidez.

Aitortza berri honekin, Bizenta Mogel Biblioteka sei aldiz sariatua izan da Maria Moliner kanpainan. Durangon topaketarako, ikaskuntzarako eta kulturarako espazio dinamiko gisa duen eginkizuna berresten du, eta irakurketa-animazioaren, ezagutzarako sarbide unibertsalaren eta esperientzia kultural inklusibo eta parte-hartzaileen sustapenaren alde duen konpromisoa indartzen du.