Osasun egoera hobetu ahala, turismoaren sektorea suspertsen hasi da. Egoera honen adibideak edonon ikus litezke. Busturialdea eta Lea Artibai ez dira salbuespen. Eta nahiz eta bigarren eskualde hontetan badira turismoaren motore papera betetzen dutenak, Lekeitio kasu, beste udalerri batzuek ere euren esfortzuak egin dituzte alor honetan. Markina-Xemein izan liteke hautako bat. Izan ere, azken urteetan bere lanak egin ditu Udalak, bisitariei beharrezko dituzten azpiegiturak garatuz eta sektore bateratua eratze aldera. Bada, azken hilabeteetan udalerria bisitatzen duten guztientzat “aukera berriak eskaintzea eta betiko erakargarritasunak indartzea du helburu Markina-Xemeingo Udalak”. Eta hainbat izan dira egindako lanak, Arretxinagako San Migel ermitaren konponketa lanak edota Escape Circuit delakoa tarteko.

Bisitarien etorreran eragiteko nobedadeak Markina-Xemeinen

Ondarean du Markina-Xemeinek bere erakargarritasunaren gakoa. Asko dira herrian zehar erakusgai diren altxorrak. Eta Arretxinagako San Migel ermita da hauetako bat. “Herria bistatzen duten guztientzat, eta erromesentzat batez ere, herrira sartzeko ate bat da Arretxinagako San Migel ermita”. Eta aspalditik hobekuntza bat behar zuela iritzita, “ermita konpontzeko lanak burutu ditu udalak azken hilabete hauetan”. Bada, ermita pintatzeaz gain, igeltserotza lanak ere egin dira. “Gainera, beste hobekuntza batzuk ere egingo ditu udalak aurrera begira”, azaldu dutenez. Lan guztien kostua 100.000 eurotik gorakoa izaan dela jakinarazi dute – 105.287 euro, zehazki–, Bizkaiko Foru Aldundiko 530.000 euroko laguntza bat baliatuz.

Bestetik, udalerrian den beste eraikin baten ere konponketa lanak egin ditu Markina-Xemeingo Udalak. Adierazitakoaren arabera, Xemeingo parrokiaren kanpokaldeko argiztapena berreskuratu da. “Orain, baina, kolore desberdinetako argiak jarri dira (berdeak, moreak, gorriak…), eta egun desberdinetan tartekatzen joango dira”.

Baina turismoan zenbaki onak izateko promozioa beharrezko dela jakinda, toki-administrazioak esfortzu berezia egin du aurtengoan alor honetan, Hala, turismoa sustetzeko bideoa egin berri dute, baita Expovacaciones azokan herriko erakusgarriak erakutsi ere. Luis Egurrola alkatea Barakaldoko BECen izan zen horretarako. Azkenik, QR kodeen bidez loturiko udalerriko 20 gunek osatzen dute ibilbidea” ere badela gogoratu dute. Iaz jarri zuten berau martxan. “Mugikorraren laguntzarekin , Markina-Xemein ezagutzeko ez ezik, herriaz gozatzeko esperientzia desberdin bat eskaintzen du bai kanpotik datozen bisitarientzat eta baita herritarrentzat ere markinaxemeinturismoa.eus/ondarearen-ibilbidea” orrialdean. Eta plano turistiko berria ere editatu dute. Berau turismo webgunean dago ikusgai “eta herriko informazio puntuetan ere banatuko da”.

Escape circuit

Baina iraganeko esperientziez gain ere badira turismoa sustatzeko bide berriak. Eta hauei ere ebatu die Markina-Xemeinek. Markina-Xemein Eskape Circuit delako proposamen berritzailea landu da. “Aire zabaleko ihes-joko hau doakoa eta autogidatua da, helduk zein gaztek, norberak bere kabuz edo taldean egin dezakeena, mugikorraren laguntzaz. Euskaraz edo gaztelaniaz jokatu daiteke. Ezinbesteko elementu bakarra Interneterako sarbidea duen gailu mugikorra izatea da”. Fikziozko istorio batean oinarritu-tzen den jokoa, eskuragarri da markinaxemeineskape.com orrialdean.