Barakaldoko Udalak Arrontegi auzoko Nafarroa kaleko irisgarritasuna hobetzeko lanak jarriko ditu martxan. Horretarako lehenengo aurrerapausoa eman du dagoeneko, soluzio bat bilatzeko proiektua idaztea kontratatuz.

Auzoko bizilagunen eskaera da, eta azken hilabeteetan Arrontegiko hainbat kolektiboren eskutik aritu dira lanean, besteak beste, Mendialde eta Codisfiba elkarteen eskutik.

Zehazki, irisgarritasun-irtenbide berria Nafarroa kalerako planteatzen da, Gaztela Mantxa eta Gaztela Leon kaleen arteko zatian. «Kale honek malda handia du, eta, beraz, irisgarritasuna hobetzeko soluzio bat definitu nahi da arrapala mekaniko baten bitartez», adierazi du Jon Andoni Uria Auzoetarako eta Hirirako Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Proiektua idazteak 18.148,79 euroko aurrekontua du. Proiektu horretan obraren alderdi teknikoak zehaztuko dira, baita obraren kostu osoa ere. "Auzoko taldeekin hainbat bilera egin ditugu, auzoaren beharrak eta lehentasunak ezagutze aldera. Kontratatu berri dugun proiektua irisgarritasunaren aldeko apustu berri honen hasiera da, auzoaren beharrei soluzio eta erantzun egokiak emango dizkiena", adierazi du Uriak.

"Behin proiektua idatziz gero, obraren burutzapena planifikatu ahal izango da, Nafarroa kalea auzoko bizilagunentzat atseginagoa izan dadin, behin betiko", zehaztu du zinegotziak.

Amaia del Camporen gobernuak Arrontegi auzoan irisgarritasuna hobetzeko bultzatzen duen hirugarren obra da honako hau. 2018. urtean Arrontegi kaleko arrapalak estreinatu ziren, anbulatorioko sarbidea hobetze aldera. Era berean, Etxatxu kalea eta San Luis taldea lotuko dituen igogailua jartzea lantzen ari da Udala, egungo eskailerak saihestuz. Eta orain, Nafarroan arrapala mekaniko bat eraikitzeko proiektua prestatzen ari da. "Egia esan, Arrontegi auzoak aldapa handiak ditu, eta beharrezkoa da adineko pertsonen eta mugikortasun murriztua duten bizilagunen joan-etorriak atseginagoak eta erosoagoak izateko bitartekoak ezartzea", gaineratu du Uriak.