Travellin' Brothers talde bizkaitarra saritua izango da uztailaren 24tik 26ra bitartean ospatuko den Bilbao Blues Festival jaialdiaren bosgarren edizioan.

“Euskal Herrian generoan aitzindaria izan zen taldea da, eta gainera ez du inoiz formazio-aldaketarik izan. Orain, lehen euskal taldea bihurtu da ‘txapela’ eskuratzen. Bereziki ilusioa egiten dit sari hau jasotzeak, gure ibilbideek paraleloan egin baitute aurrera; elkarrekin hazi gara pertsonalki zein profesionalki”, azpimarratu du Carlos Malles jaialdiko zuzendariak.

Areatzak jaialdiaren agertoki nagusi izaten jarraituko du, non aurten formatu handiko kontzertuak ostiralerako eta larunbaterako erreserbatuko dira. Ohikoa denez, Kioskoak goizeko hainbat emanaldi hartuko ditu. Uztailaren 26an, Estatuko Volotea Blues Challengearen III. edizioa egingo da, egungo panoramako lau talde onenek European Blues Challenge lehiaketan parte hartzeko plaza lortzeko lehian jardungo dute, bluesaren nazioarteko hitzordu garrantzitsuenetako batean.

Kontxi Claver, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Enplegu eta Turismoko zinegotziak, adierazi duenez, ”Bluesaren esparruan nazioarteko erreferente bihurtu gaituen jaialdi garrantzitsu honen edizio berri bat hartuko dugu aurten ere. Oraingoan, gainera, Travellin’ Brothers taldeari egindako aitortza bereziarekin, guztiz merezitako bereizketa da, eta Bilbao Blues Festivalen maila bikaina are gehiago goratzen du”

Birak Europan eta AEBetan

Travellin’ Brothersek 1.300 kontzertu baino gehiago eta 11 disko baino gehiago ditu atzean, Europa osoko klub eta aretoetan jo du, eta AEBetan egin dituen biretan BMC-n, Bluenile New Orleanseko Frenchmen Streeten, BB King Club-en, 152 Club-en, New Daisy Theatre-n Memphis-eko Beale Street mitikoan, Memphis-eko Orpheum Theatre edo Clarcksdale Mississippi-ko Reds Juke Joint, bezalako lokal mitikoetara eraman du bere musika. Baita Texaseko klub eta aretoetan ere, hala nola Continental Houston klubean, Red brick Tavern Conroe-n Humble edo Green Oaks Tavern Humble.

Bilbao Blues Festival jaialdiaren kartela. B. U.

Ontzioletzak omentzen dituen bluesman bat

V. Bilbao Blues Festivaleko kartelak “Bilboren eta bilbotarren eraldaketa irudikatu nahi du. Atzeko planoan, Karola Garabiaren memoria industriala gaur egungo zerbitzu eta kultur hiriko ikonoekin kontrajartzen da: Iberdrola Dorrea eta Euskalduna Jauregia”, azaldu du Sergio Pérez Berasategi egileak. Lehen planoan, aho-soinua jotzen duen bluesman batek “ontzioletei eta hiriaren iragan langileari omenaldia egiten dio. Irudi honek blues generoaren sorreran izan zen ahalegin fisikoa eta gaur egungo hiria eraikitzeko lan egin zutenen lana lotzen ditu”, gaineratu du.

Beste edizioetako ildo grafiko retroari eutsiz, diseinu honek ohiko kolore-paleta mantentzen du “jaialdiaren irudiari jarraipena emateko”. “Testuren eta tipografia higatuen erabilerak nortasun bisual propio eta, gure ustez, dagoeneko sendotua indartzen du”, nabarmendu du Pérez Berasategik.

Nazioarteko aitorpena duen antolakuntza

Jaialdiaren erakunde sustatzaileak, Crazy Bluesek, blues generoa bultzatzeko nazioarteko sari gorenenak jaso ditu: BBSA saria sustatzaile onenaren atalean (Blues Behind the Scenes Award), European Blues Unionek Azoresen 2019an emandakoa, eta K.B.A. saria nazioarteko jaialdi baten antolakuntzarik onenari (Keeping the Blues Alive), mundu mailako onespenik handiena 2015ean Blues Foundationek Memphisen emandakoa.