Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du datorren asteazkenean, maiatzaren 21ean, ospatuko den Elkarrizketarako eta Garapenerako Kultura Aniztasunaren Munduko Egunarekin. Egun hori Nazio Batuen Batzar Nagusiak aldarrikatu zuen, UNESCOk 2001ean Kultura Aniztasunari buruzko Adierazpen Unibertsala onartu ondoren.
2020tik aurrera, Europar Batasunak Aniztasunaren Europako Hilabetea ospatzen du urtero, maiatzean, berdintasunezko ingurune inklusiboak eraikitzeko ahaleginak bultzatzeko, pertsona guztien mesedetan. Aniztasunaren Europako Hilabetean, Batzordeak lantokiko eta gizarteko inklusioaren eta aniztasunaren garrantzia nabarmentzeko eskatzen die erakundeei eta enpresei, hainbat ekitaldiren bidez.
Hala, urtero, maiatzaren 21ean –Migraziorako Euskal Itun Soziala eta "Bilbo, Kulturarteko Hiria" III. Plana inspiratzen dituzten balioen testuinguruan–, Udalak aukera ematen du kultur aniztasunaren balioei buruzko gogoetetan sakontzeko, elkarrekin "hobeto bizitzen" ikasteko. Kultura-aniztasunaren onura ugariak ospatzeko eguna ere bada –ondare immaterial aberatsa barne–, eta mundu baketsuagoa eraikitzeko konpromisoa berresteko, elkar ulertzearen eta kulturen arteko elkarrizketaren balioetan oinarrituta.
Testuinguru honetan, eta Bilboko Udalaren Garapenerako Lankidetzaren 30. urteurrenaren ospakizunarekin bat datozen jarduera horiekin, Udala sentsibilizazio-kanpaina berri bat zabaltzen hasi da, Karina Mosqueda ilustratzaileak prestatua, Nazio Batuen kulturartekotasunaren arloko 2025erako mugarriak Bilbon oroitzen dituen kartel-sortaren testuinguruan. "Aniztasunaren abantaila" leloa funtsezko kontzeptua da Europako Kontseiluak Intercultural Cities programaren bidez sustatzen duen kulturarteko ikuspegian. Haren abiaburua da aniztasuna gizartearen garapen globalerako aukera eta funtsezko baliabide bat dela maila guztietan. Herritarren arteko elkarrizketa polinizazioaren metafora bat da, sozialki kohesionatutako kulturarteko gizarte batean.
Ilustrazio hau hainbat euskarritan zabalduko da, udal-egoitzetako pantaila digitaletan eta www.bilbao.eus webgunean, bai eta Udalak sare sozialetan dituen kontuetan ere.
Horrez gainera, Bilboko Udalak zenbait ekimen sozial eta kultural ditu abian, hirian arlo horretan diharduten beste entitate batzuekin lankidetzan.
Haien artean, UN Etxearekin batera, maiatzaren 19an (astelehena) Campos antzokian antzeztutako A bordo del tiempo obra, Cruz Noguerak zuzendua, nabarmendu behar da. Bertan, antzerkia, musika eta poesia elkartzen dira, eta egungo gizarteari eta eraiki beharreko etorkizunari buruz hausnartzen da.
Bakearen kulturari eskainitako "Hezkuntza, Arteak eta Herritartasuna" VIII. Mintegiaren barruan, maiatzaren 20an, asteartean, UN Etxearekin batera artea eta hezkuntza elkartuko dituen jardunaldi bat egongo da arratsaldez BBK Kunan. Jardunaldi horrek artea eta hezkuntza batuko ditu bizikidetza bidezkoa, inklusiboa eta bakezkoa sustatzeko.
Asteartean ere, hilak 20, "futbol soziala" egongo da UEFAko Fan Zonen, Areatzan. Dragones de Lavapiés klubak futbol mota honek etxegabetasun- eta aterpe-egoeran dauden pertsonak gizarteratzeko tresna gisa duen balioa ikusaraziko du, Bilboko hainbat gizarte-entitatek eta Athletic Clubek parte hartzen duten ekimen batean.
Eta Afrika Egunaren zortzigarren edizioa hilaren 18an hasiko da, afrikar aniztasun, kultura eta indarra ospatzeko, artearen, hitzaldien, musikaren, kirolaren eta beste jarduera batzuen bidez, hala nola modaren, gastronomiaren edo haur-espazioen bidez, Itsasmuseumaren inguruan. Jardunaldi nagusia hilaren 24an izango da, larunbata, Afrikaren Nazioarteko Egunaren bezperan (maiatzak 25).