Bilboko Udalak 869.999,83 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Otxarkoaga auzoko Txotena kalearen ingurunea hobetzeko obren bigarren fasea egiteko. Lanak aste honetan hasiko dira. Zenbateko horren erdia, lehen fasean bezala, Europako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak finantzatzen du.
Bigarren fase honetako jarduketek Txotena kaleko tartea hartuko dute, 12. zenbakitik 24.era; baita Irumineta kaleko 24. eta 30. zenbakien arteko tartea ere, Senidetasun kalearekin lotzen duten eskailerak eta Iruminetaren ertzetan dauden berdeguneak barne.
Proiektuaren helburu nagusia, lehenengo fasean egindakoarekin bat etorriz, eremu osoa landarez betetzea da. Horretarako, lehendik dauden berdeguneetan jardungo da, eta lore-aska berriak jarriko dira, azalera naturala handitzeko. Lore-aska berri horiek oinezkoak eta fatxadak bereizteko ere balioko dute, espazio publikoaren jarraitutasuna mantenduta eta etxebizitzetatik gertu dauden egoteko espazioak hobetuta.
Zehazki, jarduketa hauek egingo dira:
- Bide-zoruari dagokionez, oinezkoentzako ibilbide irisgarria egokituko da tarte osoan, etxebizitzetarako sarbidea hobetzearren.
- Barandak egokituko dira, irisgarritasun- eta segurtasun-parametroak hobetzeko.
- Lehendik dauden lurrei eusteko hormak egokitu eta eremuan integratuko dira, materialak eta koloreak bateratuz.
- Birlandatze-prozesuari dagokionez, zuhaitz eta zuhaixka espezie berriak landatuko dira lehendik dauden berdeguneetan, gune horiei kalitate eta epeltasun handiagoa emateko. Hosto iraunkorreko espezieak erabiliko dira.
- Irumineta eta Senidetasun kaleak lotzen dituzten eskailerak eraitsi eta berreraiki egingo dira, eskailera-mailen tarteak eta Bizitegi zentrora sartzeko beharrezkoa den eskailera-buruaren kota berriro kokatu ahal izateko.
Obra hori egiteko epea sei hilabetekoa izango da, eta bi fasetan egingo da, herritarrei ahalik eta kalte gutxien eragiteko.
Europako dirulaguntza
Txotena kalearen ingurunea erabat berritzeko proiektu honek Europako finantzaketa du, bai lehen fasean, bai bigarren fasean.
Zehazki, bi esku-hartzeak Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioaren deialdiaren barruan sartzen dira: “Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bizitegiak birgaitzearen eta etxebizitza sozialaren arloko laguntza-programak, Europar Batasunak finantzatua – Next Generation EU”.