Amorebieta-Etxanoko Udalak ‘Gaztemunduri Ateak Ireki’ egitasmoan parte hartzeko deia egin die familia zornotzarrei. Ekimenaren baitan, Australia, Argentina eta Uruguaiko 18 eta 25 urte arteko 28 gazte etorriko dira Euskal Herrira ekainaren 27tik uztailaren 19ra bitartean, euskarazko gaitasuna hobetzera eta euskal kultura gertutik ezagutzera.
Egonaldiak bi helburu nagusi ditu: diasporako gazteen eta Euskal Herriko familien arteko harremanak sendotzea eta euskararen zein kulturaren transmisioa indartzea. Horretarako, goizetan gazteek Zornotzako Barnetegian euskara ikasiko dute, eta arratsaldeetan Urdaibai inguruan antolatutako jardueretan parte hartuko dute.
Ekintzak
Programaren barruan, besteak beste, tailerrak, euskal dantzak, sukaldaritza saioak eta herri kirolak izango dituzte, euskal komunitatearekin harreman zuzena izan eta bertako ohiturak lehen eskutik ezagutzeko aukera eskainiz.
Antolatzaileen arabera, inguruko hainbat herritako familiek dagoeneko eman dute izena, baina oraindik 10 familia inguru behar dira egitasmoa osatzeko. Horregatik, Udalak bereziki gazteak dituzten familiak animatu ditu parte hartzera, “seme-alabekin batera esperientzia aberasgarria partekatu eta lotura berriak sortzeko”.