Síguenos en redes sociales:

Europa parkeak kirolgune berriak ditu

Europa parkeak kirolgune berriak dituBilboko Udala

Bilbok aire libreko kirol-eskaintza handiagoa du orain, izan ere, Udalak amaitu berri ditu Europa parkean kalistenia-gune bat eta gailu bio-osasungarrien beste gune bat egiteko lanak. Kirolgune berri hauek 114.000 metro koadroko azalera dute eta Auzokide Planaren eta Txurdinagako Ekobulebar proiektuaren barruan daude.

Juan Mari Aburto alkatea eta Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzia inauguratu dute gunea eta udalbatzako beste kide batzuekin batera. Lau hilabeteko epean egin diren bi jarduketen artean, Udalak 411.153,21 euro inbertitu ditu (BEZa barne).

Parkearen ipar-mendebaldean, kirol askotarako pisten ondoko gune erdizirkularrean, kokatu da Europa parkeko kirol-eremu berria. Zehazki, eremu horrek 290 metro koadroko hedadura bat du, zintarriz inguratua alde bietatik.

Kirol gune berri hori eraikitzeko, lehenengo kendu egin dira lehendik zeuden zoladurak eta zintarriak, eta hormigoi armatuzko oinarri sendoa eraiki da, eta haren gainean kautxuzko zoladura berria ipini da. Haren gainean, kalisteniakko zortzi elementu ipini dira eta hormigoi-kuboekin zimendatu dira.

Horrez gain, ur iturri berria ezarri da kontsumo publikorako eta argiteria indartu da, led argien bidez.

Obra hauetarako, guztira, 114.901,35 euroko inbertsioa egin da.

EREMU BIO-OSASUNGARRIA

Parkearen iparraldean, antzina tenpletea zegoen lekuan, 320 metroko eremu obalatu batean, elementu bio-osasungarriak ipini dira adinduentzat.

Jarduketa horren bidez, Udalak parkeko espazio horren garrantzia azpimarratu nahi izan du, lehen ez baitzeukan zehaztutako erabilerarik. Gainera, ingurua hobetu da, zuhaitzak eta lore-zuhaixkak landatuz.

Lehendik zeuden elementu bio-osasungarriak eremu berrian kokatu dira eta osagai berriak ere gehitu dira, ariketa horiek egiteko.

Eremua kolore bitako hormigoi inprimatuarekin zolatu da, uhin zentrokideak irudikatuz, tanta bat ur azalera erortzean sortzen direnak bezalakoak, eta erdian iturri apaingarri bat jarri da.

Halaber, eserlekuak jarri dira eta argiteria indartu da, led argiekin.

Inguruko landaretzarako, hosto galkorreko zuhaitzak hautatu dira, hala nola astigarra, eta haien artean lore-multzoak ezarri dira, hortentsia izango delarik nagusi.

Eremura sartzeko puntu bietan metalezko pergola bana jarri dira, bugainbilea landatuz alde bietan, hazi eta lore-uztaiak era ditzaten.