Errege Magoen Kabalgatak zirkuaren munduan murgilduko ditu Bilboko umeak
Bilboko kaleak magiaz beteko dira bihar gauen Errege Magoen kabalgatarekin. Protagonistak hamar karroza izando dira eta bi orduz, haien alboan animaziozko animalia handiak, pailazoak, magoak, akrobatak, kontorsionistak eta trapezistak desfilatuko dute. Haiek eta Errege Magoek magiaz, musikaz, kolorez eta fantasiaz beteko dituzte kaleak, Jesusen Bihotzetik Udaletxeko eraikin nagusiraino.
Halan azaldu dute Meltxor, Gaspar eta Baltasar Ekialdeko Errege Magoek gaur goizean Bilboko Udaletxean, izan ere Itziar Urtasun Jaietako Zinegotziarekin elkartu dira, bihar, urtarrilaren 5ean, egingo den kabalgataren xehetasun guztiak errepasatzeko. Esan dutenez, dena prest dute, eta berriro ere ikusgarria eta magikoa izango dela hitzeman dute.
“Magiaz, ilusioz, umorez eta alaitasunez beteta itzuliko dira aurten ere Erregeak Hirira. Baina baita mezu argi batekin ere: Bilboko umeak solidarioak eta eskuzabalak izan daitezela euren nahien gutunetan”, gogorarazi du Itziar Urtasun Zinegotziak.
Desfilearen buruan Xpress Posta Errege Departamentua izango da. Hamabi errege-postari erlojuaren kontra arituko dira lanean, Maiestateek opariak banatuz mundua zeharkatzera abiatu baino lehen ume bakar bat ere ez dela bere gutuna entregatu ezinik geratuko ziurtatzeko. Bilboko txikien nahiak errege bakoitzarengana iristeko, mezularitza-taldeak jasotako gutun guztiak karroza honetan sartuko ditu: Meltxor, Gaspar eta Baltasarren posta-makina magikoan.
Desio bakoitza ondo batu ondoren, zirku zoragarriaren unea iritsiko da. Beste behin ere, Gozoki Fabrikak itxiko du karrozen desfilea, eta glutenik gabeko 3 tona gozoki banatuko ditu turbina indartsuen bidez.
Ibilbidean zehar, 60 kilo konfeti biodegradagarri baino gehiago botako dira, ingurumena errespetatzeko helburuarekin, eta, beraz, Udaleko garbiketa-taldeak kaleak bikain uzten dituztenean eta dena egoera onean geratzen denean amaituko da ikuskizuna.