Síguenos en redes sociales:

Bilboko Udalak zientzia eta teknologia gazteei hurbiltzen dizkie

12 eta 17 urte bitarteko Bilboko gazteek zientziari eta teknologiari lotutako gaitasunak ezagutu eta garatu dezakete aste honetan. Bilboko Udalak teknologia tailerrak antolatu ditu, aisialdi hezitzailearen alorreko eskaintza moduan, Konektatech Teknologiaren Astea lelopean. Parte hartzeko, ez da beharrezkoa aurretiazko eskarmentua izatea.

Ekimen honen helburua adingabeek lehen urratsak elektronikaren alorrean ematea da. Tailerretan Arduino hardware librearen plataformak eskainitako aukerak erabiliko dituzte eta aste osoan zehar, zenbait mikroordenagailu mota sortu eta aldatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Horien bitartez led argiak muntatzeko, edo motorrak, serboak eta hurbiltasun-sentsoreak kontrolatzeko, besteak beste. Parte hartzeko, ez da beharrezkoa aurretiazko eskarmentua izatea.

Teknologia-tailerrak gaur hasi dira, eta, urtarrilaren 5era arte, egunero egingo dituzte, goizeko 11:00etatik 13:30era, “La Perrera” eraikinean (Basurtu). Saio bakoitzean 15 gaztek hartuko dute parte.

Konektatech Teknologiaren Astea bi udal programaren barruan garatuko da. Batetik, GazteKLUBA GABONAK izenekoan: Gabonetako aisialdi hezitzailearen alorreko jardueren eskaintza. Eta, bestetik, KONEKTA delakoan: Bilboko gazteekin konektatzeko ekimena, gazteak eurak jarriko dituena beren interesekoa izan daitekeen udal ekintza ororen erdigunean.

Konekta proiektuaren jarduera guztiak “La Perrera” eraikinean egingo dituzte. Duela gutxi inauguratu dute, Basurtu auzoan (Sabino Arana 50), eta gazteentzako erreferente bilakatzeko helburua du.

Konektan, informazioa eta orientabidea emateaz gain, aukera berritzaileak sustatu eta ahalbidetuko dituzten jarduerak diseinatu nahi dituzte, gazteek ekintzailetza, talentua, sormena, ekimena, parte-hartzea, konpromiso soziala, pentsamendu kritikoa, ahalduntze pertsonala edo talde-lana bezalako trebetasunak eta gaitasunak garatzeko aukera izan dezaten.