Donostia. Euskal Herriko nesken futbol selekzioak atzo egin zuen larunbateko partida historikoari begira lehen entrenamendua Anoetan. Garbiñe Etxeberria eta Iñigo Juaristi hautatzaileek aurretik prentsaurrekoa eskaini zuten norgehiagokaren inguruko azken berri eta inpresioak emateko, eta jokalarien ilusio eta prestutasuna nabarmendu zituzten.

Deialdia 22 jokalarik osatuko dute. Azken orduan, Amaia Olabarrietak ez du parte hartuko, izan ere, Erreginaren Kopako finalean izan zuen lesio baten ostean ebakuntza egin beharko diote. Bartzelonako Laura Gomez eta Marta Unzue ere ez dira Anoetan izango arazo teknikoak direla eta. Athletickeko jokalariaren hutsunea, Atlético Madrilen ari den Marta Docandok beteko du, aldiz, Barçakoen lekua nortzuk hartuko duten ez dute erabaki oraindik.

Etxeberria eta Juaristik, jokalari guztiek parte hartzeko aukera izango zutela azaldu zuten. "Denak partaide izatea da gure helburua, nahiz eta minutu kopuru bera jokatuko ez duten. Partida jokatzeko garairik onena ez da, denboraldia amaitu berri delako eta jokalariek ez dute sasoi onenean duten freskura bera. Hori dela eta, aldaketa asko egingo ditugu".

Protagonistentzat egun berezia izango da. Nazioartean lehen aldiz lehiatzeaz gain, kirol arloari begiratuta, euskal selekzioak zer nolako maila daukan erakusteko aukera izango dute. Juaristik, "handicap" bat bezala definitu zuen partida, helburuetako bat partida txukuna egitea zela adieraztearekin batera.

Eslovaquia izango da euskaldunen aurkaria, mundu mailako sailkapenean 36. postuan aurkitzen den selekzioa. Bi taldeek ostiralean burutuko dituzte azken entrenamenduak. Larunbatean berriz, 16.30ean hasiko da partida. Goizeko 10.30etik aurrera berriz, egitarau zabala izango da festa girotzen hasteko.