Síguenos en redes sociales:

Getxok ia 400.000 euro bideratuko ditu gizarte-arloko elkarteekin egindako hitzarmenetara

Hitzarmen horiei esker, eraldatzaileak diren proiektuak sendotzen dira, egoera ahulean dauden pertsonei laguntzen dietenak eta komunitate-sarea indartzen dutenak

Getxoko Udalak aurten ia 400.000 euro banatzea onartu du udalerriko lau elkarteren artean, helburutzat hartuta hainbat arlotako pertsonentzako laguntza eta integrazioa sustatzea.

Ohar batean, Gizarte Kohesiorako zinegotziak, Carmen Díazek, azpimarratu du “Udalaren eta hirugarren sektoreko erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa dela gaur egungo gizarte-erronkei erantzuteko”. “Horregatik, Getxoko Udaletik bertako elkarteekin egiten dugu lan, eta euren dedikazioari esker, gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dute”, gaineratu du.

Hitzarmen horiei esker, eraldatzaileak diren proiektuak sendotzen dira, egoera ahulean dauden pertsonei laguntzen dietenak eta komunitate-sarea indartzen dutenak.

Pertsonalde elkarteak 182.776 euro jasoko ditu, eta San Nikolas Zabalik elkarteak 127.967 euro; bi kasuetan, Gizarte Kohesiorako arloarekin lankidetzan jarduteko, familia-saretik kanpo dauden gizarte-bazterketa arriskuko pertsonak artatzeko. Burutuko diren jarduerak izango dira: esku-hartze ibilbide pertsonalizatuak indartzea, tokiko boluntariotza-sarea laguntzea, komunitate-sarea gaitzea eta lantzea, eta lanean ari diren pertsonek gizarte-topaketa esperientziak izatea ahalbidetzea.

Bestalde, Argia Fundazioak 45.000 euro jasoko ditu hainbat jarduera finantzatzeko: Harremanak eta ahotsak egitasmoa, zeinak barne hartzen dituen gaixotasun mentalak dituzten pertsonentzako Gizarte Kluba, “Gabonetako bazkari partekatua” ekimena eta integrazio sozialerako tresna gisa baliatzen den irrati-programa.

Azkenik, Getxoko Immigranteen Plataforma Federazioak, “FEPLIGUE”k, 42.000 euroko laguntza jasoko du, atzerritar zein bertako biztanleriaren integrazio bidirekzionala bultzatze aldera, bizikidetza baketsua sendotuz eta migratutako pertsonek euren beharrak aseta ikus ditzaten. Horretarako, tailer formakuntzak, irteerak eta jarduerak antolatuko dira.