Durangoko Udalak ekintzaz beteriko programazioa garatuko du ekainean zehar Merkatuan. Oraingo honetan txakoli dastaketak gastronomia eta artisau tailerrak, sendabelarren show cooking bat eta Euskal Sagardoaren Festa izango dira protagonista nagusiak. Programazioak dinamika berari eutsiko dio, alegia, ostegunetan 18:00etatik aurrera eta larunbat goizetan garatuko dena.

Ostegunero, tokiko zapore eta tekniketan oinarritutako jarduerak izango dira Merkatuan. Ekainaren 4an, Mikel Garaizabalek Txakoli eta Itsasoa dastaketa zuzenduko du, bertaratutakoek produktu horiek hobeto ezagutzeko aukera izan dezaten. Hurrengo astean, ekainaren 11n, Amillena jatetxeko Lur eta Vanesak tailer gastronomiko bat emango dute, sukaldaritzako teknikak eta aholkuak partekatuz. Azkenik, ekainaren 18an, Alluitz Naturak ardi latxaren artileari buruzko artisau-tailerra eskainiko du, eskualdeko artisautza tradizionala sustatuz.

Asteburuak

Larunbat goizetan nekazaritza jasangarriarekin eta sukaldaritza osasungarriarekin lotutako jarduerak egingo dira. Ekainaren 6an, Biolandare Haztegiak baratzeetarako landare ekologikoak aurkeztuko ditu 8:30etik 12:30era, etxeko laborantza eta jasangarritasuna sustatuz. Ekainaren 20an, Mentxu Amunategik sukaldean sendabelarrei buruzko show cooking bat emango du, 10:00etatik 12:00etara, eguneroko elikaduran modu praktikoan nola txertatu erakusteko.

Gainera, ekainaren 14an, igandea, Topa Durango / Euskal Sagardoaren Festa hartuko du Merkatuak, 12:00etatik 15:00etara, eta bertako produktuak eta inguruko tradizioa ezagutzeko aukera emango du, giro ireki eta parte-hartzailean.

Udalak herritarrei Durangoko Merkatura hurbiltzeko gonbita luzatu die, programatutako jardueretan parte hartzera eta gastronomiaren, artisautzaren eta tokiko tradizioaren aberastasuna ezagutzera.