Astelehen honetan, ekainaren hasierarekin batera, ireki egin ditu Galdakaoko Udalak Elexaldeko kanpoko igerilekuetako ateak. Hala, udako denboraldia irailaren 30era arte egongo da indarrean.

Ordutegiak honako hauek izango dira:

  • Ekainaren 1etik 14ra eta irailaren 16tik 30era: astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, 11:00etatik 20:00etara
  • Ekainaren 15etik irailaren 15era (biak barne): astelehenetik igandera, 11:00etatik 20:00etara

Igerilekuetako jarduera guztiak itxiera ordua baino 15 minutu lehenago amaituko dira, erabiltzaileen segurtasuna eta antolaketa egokia bermatzeko.

Tarifak

Prezioei dagokienez, abonatuek eta 4 urtetik beherakoek doako sarrera izango dute. Abonurik ez dutenek, berriz, 5 euro ordaindu beharko dute egun osoko sarreran 4 eta 16 urte bitarte badute, eta 7,50 euro 17 urte baino gehiago dutenek. Horrez gain, udako abonua eskuratzeko aukera ere badago: familiarra 64,90 eurokoa izango da, banakakoa 46,90 eurokoa eta 25 urtetik beherakoek 36,10 euroren truke eskuratu ahal izango dute. 

Gainera, herritarrek Elexaldeko igerilekuez gozatzeko aukera izan dezaten, hobariak eskatzeko aukera izango dute. Horiek diru sarreren arabera emango dira eta informazio gehiago eskuratzeko zein eskaerak egiteko ESAN herritarren arreta bulegora edo Udalaren egoitza elektronikora jo daiteke. 

Ohi den bezala, udako igerilekuen egitarauaren baitan, ur puzgarrien zirkuitu berezia jarriko da, uztailaren 16an, ostegunez, herriko txikiei zuzenduta. Eguraldiaren arabera, data alda daiteke; horrela izatekotan, Udalaren komunikazio kanalen bidez emango da horren berri.