Iaz izandako arrakasta kontuan izanda (180 pertsona baino gehiago bildu ziren lehen edizioan), Getxo Kirolakek martxan jarri du Getxoko Kirol Topaketa +60 ekimenaren bigarren edizioa. 60 urtetik gorako pertsona guztiei zuzendutako kirol topaketa hau ekainaren 19an ospatuko da Faduran.
Helburuen artean daude jarduera fisikoaz sentsibilizatzea eta gozatzea, zainketarako, osasun fisiko eta mentalerako eta sozializaziorako funtsezko tresna baita. Ekitaldiak 180 pertsona baino gehiago bildu zituen lehen edizioan, eta aurten ere hainbat kirol-modalitate praktikatzeko aukera eskainiko du, jai-giroan. Horren bidez, ikusgarritasuna eman nahi zaie adineko aktibo guztiei, eta jarduera fisikoa egin ez dutenei hurbildu nahi zaie.
Jardunaldia ongietorri aurkezpen batekin hasiko da goizeko 10:00etan, TikiToki Zentroan. Taldean oinez iritsi nahi dutenek 9:00etan Gobelako kiroldegitik edo Algortako Geltokiko plazatik aterako diren martxekin bat egin ahal izango dute. Fadurara iritsitakoan, gimnasia, pilates, stretching, yoga, indar-entrenamendua, aquagym, mahai-tenisa, indoor-bizi, petanka eta padel saioetan parte hartzeko aukera izango da. Eta parte-hartzaile bakoitzak bi proposamenetan eman ahal izango du izena. Bigarren kirol topaketa hau TikiToki Zentroan amaituko da berriro 13:00etatik aurrera ospatuko den festa batekin.
Izena ematea
Jarduera guztiak doakoak dira eta interesdunek informazio gehiago jaso dezakete 747 439 545 telefonoaren bidez, Fadura eta Gobelako jendearen arretarako bulegoetan edo atencionalclientegk@getxo.eus helbide elektronikoaren bidez. Berrikuntza gisa, WhatsAppeko kanal bat jarri da martxan, topaketa horri eta etorriko diren +60 kirol-ekimenei buruzko informazioa modu arin eta zuzenean jasotzeko.