Estatu Batuetan Wall Streeteko 1929ko krisiaren ondorik, gizarte-klaserik apalenetakoek euren etxea bertan behar utzi behar izan zuten eta “amets amerikarra”ren bila abiatu ziren lur berrien bila. Garai hartan, gizarteko klaserik aberatsenek ereserki moduko bat sortu zuten Estatu Batuetako herritar guztiak, nahiz goikoak, nahiz behekoak, nahi erdikoak, nahiz edonongoak, baretzeko eta lozorroan edukitzeko. Urteak garrenean ematen du berdin dirautela Estatu Batuek.

Hala ere, gaur egun jazotzen den eran, orduan ere izan ziren estatubatuar mukerrak, Amerika Jaungoikoak bedeinkatua barik guztientzako Amerika nahi zutenak. Eta hortxe ageri da Woody Guthrie. Haren abestirik ezagunena eta, beharbada, elkartsuena dena, “This Lans Is Your Land” da. Guztiontzako lurra. Lur erkidea. Behin Jaungoikoak Israelgo Herriari Agindutako Lurraren parekoa dena. Lur hori nork bere erara ulertzen du, baina, gizakiak bagara, benetan bagara, lur hori guztiona da.

Eta honetara helduta, neure buruari itaundu behar diot ea badugun lurrik gizakumeok, garen lekukoak izanik ere. Norbera bizi den lurra, lege-paperak edukita ere, ba ote da geurea lur hori? Edonork edonondik edozer bota ahal badigu geure buru gainera, badugu lurrik? Nork berma dezake ahaltsuek guztion legeak beteko dituztela? Nork esan dezake moralaren langa guztiontzat dela bera? Nork irakats diezaioke bere umeari berak erakusten dizkion balioak guztiek bete, betetzen eta beteko dituztela? Nork?

Jaungoikoaren graziako 2026. urte honetan erlatibismo absolutura heldu gara. George Orwellek, “1984” liburuan idatzi zuen moduan, historia behin eta berriro idatzi ahal du unean-unean aginpidea duenak bere xede-helburuak, zuzenak eta makurrak, zuritu ahal izateko. Eta egiantza egia den une honetan, nork baiezta dezake bera bizi den lurra berea dela? Honaino ekarri dugu egia, gutxi batzuen interesen araberakoa izan dadin. Ba ote dago agindutako lurrik? Ba ote dugu lurrik? Eta lur barik… zer gara? Ez gara ezer.