Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Euskararen hautua

Euskararen hautua herri desegin bat berregiteko hautua da”. Horrelaxe dio Joxe Azurmendi Otaegi filosofo eta pentsalari zegamarraren esaldi bikain horrek. Aurtengo Giako Andre Mariaren egunean zendu eta 1965ean bere burua erbesteratu behar izan zuen gipuzkoar handi honen esaldia erabat argigarria da. Izan ere, “euskararen hautua” dioenean, euskaldunok zein erdaldunek egin dezakegun hautuaz ari da. Euskaldunok geure hizkuntzaz eginaz, eta erdaldunek, euskaraz egin ez arren, bideak jarriaz euskara plazara agertu ahal izan dadin.

“Herri desegin bat” esaldiak ikuspegi ezkor (errealista) dakarkigu: “desegin” horrek agerian uzten ditu egungo euskaldunon etxeko teilatuko itoginak. Herri hau norkeriak joa da, gaurkokeriak kutsatua da, azalkeriak itsutua da, zuztarbakokeriak erbesteratua da eta funsgabekeriak noragabetua da. Herri hau ez dago deseginda, herri hau desegina da; halandaze, etxea erraustu duen sutearen txingarretatik berpiztu behar du herri honek, betiko herria izango bada.

Eta honelaxe amaitzen du esaldia zegamar handiak: “(herri desegin bat) berregiteko hautua da”. Hementxe dago koska: herri desegin hau berregin nahi badugu, euskararen hautua ezinbesteko dugu, Euskal Herriak iraun dezan. Baina hautu hori ez da bakarra egungo “euskal” gizarteko kideontzat. Gaztelaniaren hautua har dezakegu, edo ingelesarena, edo txinerarena. Azken hautu horietako edozein hartuta ere, Euskal Herria Erdal Herria, Besteren Herria, Inoren Herria izango da, baina ez da Euskal Herria izango.

Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatu zen, Frantzisko Jatsu Azpilkuetaren egunean. Etxetik alde egin zuenean, amarekin zituen idatzizko harremanak euskaraz izan zituen. Horrenbesterekin, badakigu ama-semeen arteko harremanak kumatik euskaraz izan zirela; badakigu ama-semeen arteko harremanak naturalak zirela euskaraz; badakigu euskalduntasunari etxetik urrun eutsi dakiokeela. Egun, ostera, ez ote gara gauza izango euskalduntasunari eusteko Euskal Herrian bertan?