Síguenos en redes sociales:

Infinitua

Armairuak ordenatzen hasi naiz. Beti egiten dut nire bizitza desordenatzen hasi dela sentitzen hasten naizenean. Alkandorak eta prakak txukun ikusteak bakea ematen dit. Eta, bat-batean, semearen kamiseten atzean, bi aurpegi ezagun ikusi ditut: Woody eta Buzz Lightyear, haurtzaroko panpinak. Ez nuen gogoratzen han gordeta nituenik, sorpresa izan da, eta haiei begira, ezinbestean, Julen gogoratu dut, txikitan, bere gelan, Buzz eskuan eta oihuka: “Infinituraino eta harantzago”. Panpina interaktiboak ziren eta botoi bat sakatzean hitz egiten zuten: “Buzz Lighyear naiz, espazioko zaindaria, ez hurbildu edo nire laserrarekin txiki-txiki eginda utziko zaitut”. Asko jolasten zen txikitan haiekin.

Gaur nire semeak 18 urte ditu eta datorren ostiralean graduatuko da. Etapa bat amaitu eta beste bat hasten den unean bertan aurkitu ditut panpinak, eta kointzidentzia honek hutsune bat sentiarazi dit barruan. Woodyk eta Buzzek joandako denbora gogorarazi didate eta bidean galdutakoak: semearekin eskutik helduta ibiltzea, bere gorputz txikia bainuontzian belaki batekin garbitzea, amesgaiztoak zituen gauetan elkarrekin lo egitea, zapatilak lotzen erakustea, zaldiko-maldikora berarekin igo eta zorabiatzea... Semea nire gorputzeko eranskin bat gehiago zen garai haietan eta, ia konturatu gabe, atzean geratu dira.

Baina galerak alde batera utzi nahian, semeak bidean ikasi eta irabazi dituen guztiak errepasatzen hasi naiz: baldintzarik gabeko adiskideak, balioak, ezagutza, autonomia… Ikasitakoa zerrendatzen saiatu bitartean, Buzz Lightyear botoietako bat sakatu dut atzamarrarekin. Eta, bat-batean, miraria gertatu da: “Buzz Lightyear naiz, espazioko zaindaria”. Buzz berbetan hasi da. Sinestezina ematen badu ere, ez zaizkio pilak agortu. Eta seinaletzat hartu dut. Nire semea gaur gizon bat da, baina izan zen haurra beti egongo da bizirik nire armairuaren barruan. Infinituraino eta harantzago.