Estatuko bi alderdi nagusiek garrantzi handiko bilkurak egin dituzte asteburuan. Batzuk kopetilun, ustezko ustelkeriaren mezuek sinesgarritasuna zalantzan eta herritarren atxikimendua gainbehera antzematen dutela, arnasa eta bultzaldi berri baten bila. Bestetzuk, irribarretsu eta oldarkor. Denbora laburrean, Espainiako gobernuaz jabetuko direla eta, egingo dituztenak, asmoak, iragartzen dituztela. Azken horien kasuan, atentzioa deitzen du euskara, galego eta katalan hizkuntzei erakusten dieten mespretxua, bai eta iragartzen dituzten neurriak ere. Esan gabe doa, VOX alderdiarekin akordioetara iristeko sasoi batean erakusten zituzten erreparoak ere gainditu dituztela, baitakite eskuinaren eskuinean kokatzen direnak bidelagun ezin hobeak bilaka daitezkeela iragartzen dutena gauzatuko bada.

Goazen baina hizkuntza kontuetara. Deigarria ez da Estatuko hizkuntza ofizialak Kongresutik ezabatzeko eta Senatura mugatzeko egiten diharduten etengabeko ahalegina, azpimarragarria dena da, gaztelaniatik abiatuta, milioika lagunen hizkuntzen gainean erakusten duten nagusikeria, mespretxua eta zokoratzeko gogoa. Izan ere, popularren asmoa da euskara Senatuko jarduera gutxi batzuetara mugatzea, hala nola osoko bilkuran aurkezten diren mozio batzuetara, Erkidegoen Batzorde Orokorrera edota idatzizko testu gutxi batzuetara. Horren ondorioz, ofizialkide diren hizkuntzak Kongresutik erabat baztertuko lirateke eta erabilera oso murritza izango lukete Senatuan, berriro ikusezin bihurturik. Haien berbetan, eremu horiek hizkuntza komunaren esparruak dira eta gainerako hizkuntzentzat ez dago tokirik.

Ez hori bakarrik! Badira urte gutxi batzuk non alderdi popularreko buruzagiek iragarri zuten araubidean behar diren aldaketak sustatuko zituztela enplegatu publikoen artean gaztelaniaren ezagutza ez ezik erabilera ere bermatzeko. Inguruabar horretan, asteburu honetan iragarri dute Hizkuntzen Legea sustatuko dutela, besteak beste, gutxiagotutako hizkuntzen ofizialtasunaren zein gurasoen borondatearen gainetik, hezkuntzan, gaztelania eta gaztelaniazko irakaskuntza blindatzeko. Hori egiten da, hezkuntzan, atzerriko bigarren hizkuntzaren ezagutza sustatu nahi dutela lau haizeetara barreiatzen duten bitartean.

Denboraren joanean, eta gertukoak diren hedabide batzuen laguntzarekin, egiazkoa ez den errealitatea islatu nahi dute: tokian tokiko hizkuntzak ez jakiteagatik herritarrak diskriminatu egiten dira, gaztelania ahultzen ari da, arriskuan dago, jendeak ezin du gaztelaniaz ikasi zein normaltasunez erabili, halako pribilegioak hezurmamitu dira eta abar. Hots, urteetan zokoratuta egon diren eta, hainbat eremutan, halaxe izaten segitzen duten hiztunen egoera betikotu nahian ari dira, hizkuntza horien biziberritzea galgatuz, oztopatuz eta biziberritzeko ahalegin oro ezerezean lagaz.