Talaieroa

Kristalezko sabaiak

08.02.2020 | 20:08
Columnista Erramun Osa

Ostiral honetan, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Ez da ohiko egun bat gehiago, gizonen eta emakumeen artean egiazko berdintasuna gauzatzeko eginkizun dagoen bidea agerian uzteko eta urrats berriak egin daitezen, eskakizunak indar biziz lau haizeetara barreiatzekoa baizik. Izan ere, asko egin da... baina urratsak egin ahala nabarmenago geratzen ari dira konpontzen are zailagoak diren bestelako kontuak: inertziak, aurreiritziak, soldaten desberdintasunak, bizitza publikoan emakumeek duten presentzia urria, gutxi balioetsiriko eta gaizki ordainduriko lanpostu ba-tzuetan emakumeek duten presentzia nabaria, etxeko zereginetan eta etxekoen zaintzan gizon eta emakumeen artean dauden desorekak eta abar.

Norbaitek emakumeak egoera zailagoan dauden lurraldeak izango ditu hizpide, besteren batek, ordea, eginiko bidea azpimarratuko du... kontua da egiazki demokratikoa den gizarte bat ez dagoela hezurmamitzerik gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna -ez paperetan, bizitzaren eremu guztietan baizik- gauzatu gabe. Horretan egin behar ditugu ahaleginak eta onartu behar ditugu deserosotasunak, bereziki, batzuen bizkar are hobeto bizi garen guztiok!

Ez dago onartzerik emakumeak gutxiestera edo behera-tzera datozen ohar eta iruzkinak, mendean hartzera bideraturiko jarrerak, genero indarkeria lausotzera datozen mezuak eta emakumeak gure kale eta auzoetan erosotasunez mugitzea zailtzen dituzten portaerak. Horiek guztiek gizarte arbuioa eskatzen dute guztion aldetik, beste aldera begiratuz gero, halakoen aurrean erdi irribarrea erakutsiz gero, gurekin zer ikusia ez dutelakoan arituz gero... ez dugulako aurrerabiderik!

Asko egin da, are gehiago dago egiteko. Horregatik kezkagarriak dira azkenaldian zabaltzen ari diren mezuak, bereziki, eskuin muturraren aldetik datozenak, horiek guztiak aurrera egitea baino atzera egiteko lurzorua eskaintzen ari dira eta... gainera, mezu horiek eragin zabala izaten ari dira, beste alderdi batzuk posizio horietara irristatzen ari baitira, gero eta modu nabariagoan. Mugi gaitezen, bada, berandu izan baino lehen!

Norbaitek uste badu orain arte abian jarririko politiketan edo harturiko neurrietan atzera egiteko arriskurik ez dagoela, ia dena irabazita dagoela, oker dago, nire ustez. Desberdintasunak ezabatzeko lana une oro egin behar baita, edozein mementotan atzera egitea litekeen kontua delako... eta horixe da gaurko belaunaldiek, gaurko emakume eta gizonek barruratu behar dutena, duguna. Berdintasuna gure baitan hasten da, berdintasuna erdiestea ezin izan daiteke bakar-bakarrik emakumeen kontua, denona baizik. Eskubide eta duintasun kontua baita.