Ez dago zer eginik. Ez dago amaren semerik Athleticen ezintasuna konpon duko dauenik. Getaferen zelaian negargarri jokatu eta galdu arren, Athletic zaleok eutsi egiten geuntson itxaropenari -belarri ondoko ugari jaso arren- lehoien susperraldia etorriko zalakoan hurrengo partidu biak San Mamesen jokatuta, Vila-real eta Osasunaren aurka. Ganera, Europarako borrokan zuri-gorrien aurretik egozan eta dagozan taldeetatik bat berak be ez eban garaipena eskuratu. Halanda ze, Ernesto Valverderen gizonek aukera bikaina eukien domekan ordura arteko deskalabru guztiak atzean itxi eta aurrerapausu sendoa emoteko datorren denporaldian Europa mailako lehiaketa bat jokatzeko borrokan.

Beste modu batera azaltzeko, ligea amaitzeko zortzi jardunaldiren faltan eta denporaldi negargarria egin ostean, bizirik eukiezan Europarako sailkatzeko aukerak. Horretarako, baina, Vila-real, sailkapeneko hirugarrena menderatu behar eben eta gaur gaurkoz Athletic inor gitxi menderatzeko moduan dago gure forofotasunak kontrakoa pentsatzera eroaten bagaitu be. Valverderen taldeak ez dau piperrik be jokatzen eta arazo itzelak ditu aurkariaren atera hurreratzeko be.

Horreri gehitzen badeutsagu aurkariak gauza berezirik egin barik -tarteka be golak oparitu egiten doguz- Unai Simonen atea zulatzea lortzen dauela, ba ez dago zereginik. Ukaezina da zuri-gorriek gorputz eta arima ipinten dabela zelaian, baina hori ez da nahikoa eliteko futbolean. Eta orain ez dago atxakiarik taldearen joko makala justifikatzeko. Izan be, partidu bakarra jokatzen dabe astean eta Valverdek lesionatuta egon dira joka lari ia guztiak berreskuratu ditu.

Taldeak erasoan erakusten dauen ezintasuna negargarria da, San Mamesen zein handik kanpoko partiduetan. Aurreko denporaldian berrogeta hamalau gol eta orain dala urte bi hirurogeta bat gol sartu ebezan jokalariek hogeta hamahiru baino ez ditue sartu orain arte jokatutako hogeta hamaika jardunaldietan. Hori gitxi balitz, igaz denporaldi osoan hogeta bederatzi gol bakarrik jaso ostean, aurten berrogeta bost har tu dauz, hondino zazpi partidu geratzen diranean. Ez da erraza ulertzeko zelan makaldu dan hainbeste taldearen jokoa urte batetik bestera. Ganera, Valverdek ez dau ezer aldatzen. Ez dau ezer barririk planteatzen. Beti betikoa eta beti betikoak.

Gironaren aurka porrot mingarria jaso ostean, Iñigo Lekue kapitainak esan eban taldearen helburu nagusia lehen maileari eusteko ezinbestekoak diren berrogeta bi puntuak lehenbailehen eskurat zea zala. Adierazpenok Athletic zale askoren haserrea eragin eben, aurretik hamar partidu eukita helburuak aberatsagoak izan behar zirala eretxita. Ia hilabete igarota hiru partidutan hiru puntu bakarrik lortuta- Europaz berba egiteak barregurea eragiten dau. Helburua, Lekuek esan eban moduan, berrogeta bi puntuak lehenbai lehen eskuratzea da. Sailkapeneko beheko aldeko talde guztiak suspertu egin dira. Jaisteko postuak sei puntura dagoz.

Ez da olgetan ibilteko moduko egoerea. Ikusiko dogu zelan kudeatzen daben Valverderen gizonek irabazteko beharrak eragindako presinoa. Domekan -beste askoren moduan- neure haurtzarora jauzi egin neban, aitxen eskutik San Mamesen ikusi nebazan lehen partiduetara. Iribar, Gisasola, Larrauri, Aranguren, Saez, Txetxu Rojo, Ortuondo, Anton Arieta, Carlos eta enparauak ikustera. Katedralera joatea zerua ikutzea zanean.